Tolosako sanjoanak 2017

«Ez diot etorkizunik ikusten prozesioaren ohiturari»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 21a, 07:56
Gregorio Mancisidor, prozesioko parte hartzailea. ITZEA URKIZU

Ia topiko ere bilakatu da, Tolosako sanjoanak tradizio eta berrikuntzen jaiak direla dioen esaldia; zubi lan horiek, ordea, gero eta zailago suertatzen dira, gizartearen eta garaien aldaketagatik.

Gregorio Mancisidorrek (Tolosa, 1971) etxean jaso zuen sanjoanekiko grina, eta aitak behinola pasatutako lekukoari eusten dio, oraindik, ekainaren 24 bakoitzean, prozesioan santu bat eramanez. Festa barrutik bizi du, eta barrutik ikusten ditu, sanjoanen gorakada nahiz erlijiozko tradizioen gainbehera. Argi dio sanjoanak aldatu egingo direla, eta eraldatze hori erronka bat izango dela tolosarrentzat, datozen urteetan.

Nolatan parte hartzen duzu prozesioan?

Gure Kaiola elkarteko kide naiz, eta gure elkarteari San Roke santua eramatea dagokio. Aita ateratzen zen, baina, 2000. urte inguruan, aita gaixo zegoenez, bere partez prozesioan atera ote nahi nuen galdetu zidan. Atera egin nintzen eta, hain justu, hurrengo urtean zendu zen aita. Orduz geroztik, ohitura hartu nuen San Joan egunean santua eramaten ateratzeko.

Elkarteen arabera banatzen al dira irudi guztiak?

Garai batean baziren kofradiak, eta bakoitzak santu bat zuen. Baina, denborarekin, kofradiak desagertzen joan ziren, eta zenbait elkarte ardura hori hartzeko prest azaldu ziren. Gure elkartea 1977 inguruan hasi zela uste dut, eta gainerako elkarteetan ere antzeko zerbait gertatuko zen: hutsune hori betetzeko hasiko ziren. Gaur egun, oraindik, geratzen da orduko kofradia bat: zapatarien San Krispin konfradia. Gero, sei edo zazpi elkarte ateratzen gara santu banarekin, eta San Joan eramateko txandaka antolatzen gara. Paso horrek pisu handiagoa du, eta jende gehiago behar izaten da.

Guztira, zenbat santu ateratzen dira prozesioan?

Ez dakit ziur... Hamar inguru izango dira, San Joanen irudia eramatea zortzi edo hamar urtez behin egokitzen baitzaigu. Batzuetan gutxiago atera izan dira, elkarteren batek santua eramateko nahikoa jende biltzen ez duenean-eta. Gogoan dut, behin, laukotea osatu ezinik genbiltzala, eta plazara atera behar izan nuela, lagun baten bila.

Urtero jende bera ateratzen al zarete santuak eramaten?

Bai, beti laukote bera atera izan gara, gure elkartetik behintzat. Hala ere, aurten ni kanpoan izango naiz sanjoanetan eta, jendea ere adinez gora doanez, zaila da santua eramateko prest dagoen jende berria aurkitzea. Gaur egun, oso polita da eskopetariz atera eta egun osoan parranda giroan ibiltzea, eta prozesioko plana askoz ere serioagoa da.


Tolosako sanjoanetako tradizioek kulturatik nahiz erlijiotik edaten dute, eta ospakizuna bi joerak batuz osatzen da Tolosan. Zuk nola ikusten duzu elkarbizitza hori?

Festa txikitatik hala ezagutu dudanez, normaltasunez ikusten dut gaur egun egiten dena. Bakoitzak bere modua du sanjoanak bizitzeko eta ospatzeko eta, argi dago, prozesioan ateratzeko fede edo sinesmen puntu bat izan behar dela. Nire kasuan, pentsatzen dut etxean jasotako hezkuntza edo tradizioagatik izango dela. Eta, horregatik, ulertzen dut belaunaldi berriek prozesioan parte hartu nahi ez izatea; erabat normala iruditzen zait. Tradizio guztiak bezala, urteen poderioz, hori ere berritzen joango da, eta festa bestelakoa izango da.

Zu gazteenetarikoa izango zara prozesioan, ezta?

Bai, urtez urte jarraian ateratzen garenon artean bai. Gainerakoak, oro har, 60 urteren bueltan ibiliko dira. Gure elkartekoen kasuan, gainera, batzuk hil ziren, beste askok jada ez dute indarrik ateratzeko,... Eta lekukoa hartuko duen belaunaldirik ez dago. Lehengoan elkarteko Whatsapp taldera mezu bat bidali nuen, esanez, ea norbait animatuko litzatekeen, San Joan egunean, santua eramatera; oraindik zain nago [barreak]. Urtero berdin ibiltzen gara, eta inor falta denean, eskopetarien hamaiketako garaian elkartera joan eta norbait harrapatzen dugu.

Kontrara, eskopetariak gero eta indartsuago eta errotuago daude Tolosako sanjoanetan.

Bai, hori da. Duela 20 urte, hemen, sanjoanetan, ez zegoen gaur egun dagoen girorik; ez zuen zerikusirik. Batelen estropadek bai, arrakasta izaten zuten, baina, gainerakoan, herriko batzuk baino ez ginen elkartzen. Eskopetariekin 200 pertsona inguru baino ez ginen aterako, lauzpabost konpainiatan. Gero 20 parrandazale elkartzen ginen, eta parrada ederra egiten genuen, hori bai. Eta kuadrilla eguna antolatzen, adibidez, gu hasi ginen, festak pixka bat mugitzeko asmoz.

20 urte barru, beraz, sanjoanak bestelakoak izango dira?

Prozesioak jarraituko du, apaizak oraindik izango direlako, baina santurik gabeko prozesioa izango da akaso. Azken bi asteotan gaiari bueltaka aritu naiz, eta ez diot etorkizunik ikusten prozesioaren ohitura horri, egia esan. Ez dauka nondik heldu: nola erakarri gazteak prozesiora? Ezinezkoa da.

Sanjoanak, festa moduan, sekula baino biziago daude, baina alde erlijiosoa galtzen ari da, normala den bezala. Bezperako suak badu beste esanahi bat, solstizioaren ospakizunarekin lotutakoa. Baina, ekainaren 24ko meza eta prozesioa erabat erlijioari loturikoak dira, eta ez dakit zein bilakaera izango duten. Eta hor dago auzia, festa elizako ohitura horren inguruan egiten baita: eskopetariak, dantzariak, erraldoiak, udal korporazioa... Pixkana joan beharko da gauzak nola egin daitezkeen ikusten, baina ez da erraza.



Udalak, eragileekin batera, zeregin bat du hor?

Bai, erabaki egin beharko baitute, jaia aldatzen den heinean, nola bideratu. Orain ezagutzen duguna ez da itzuliko, mezetara ez baita 45 urte azpiko inor joaten, ezta fedea izanda ere. Beraz, erabat normala da hori galtzea eta jendea santuak eramateko prest ez azaltzea. Ni ez naiz haserretuko gure santua ateratzen ez badugu; ezin baldin badugu atera, ezin dugu atera, eta listo. Horrelakoak gertatu egiten dira, eta gauza berriak sortzen diren bezalaxe, zaharrak desagertzen joaten dira.

Aurten kanpoan izango zara. Arraroa egingo zaizu?

Egia esan bai. Bi alditan-edo kanpora joan izan naiz, eta pena ematen dit, San Joan Eguna oso-oso polita delako. Gazte-gaztetatik ezagutu izan dut barrutik, 10 urterekin eskopetariekin ateratzen hasi bainintzen; aitak asko sustatu izan digu festa. Baina hurrengo urtean ere izango dira sanjoanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!