Kaleak ez dezala adinik izan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 15a, 15:42

Olatz Peon eta Arantxa Oria, agerraldian.

Haurren Hiria egitasmoak hirugarren ikasturtea bete du, eta balorazio positiboa egin du Tolosako Udalak; hurrengo urtean, belaunaldi arteko transmisioa jorratuko dute.

Denbora azkar joaten da, eta horren erakusle da Haurren Hiria proiektuaren garapena. Tolosak hirugarrenez jorratu du ikasturte honetan, eta urtez urteko balorazioa hobetuz doa, arduradunen eta Tolosako Udalaren esanetan. Horrela, beraz, 2017-2018an ere eutsiko diote egitasmoari, eta belaunaldi arteko transmisioa aztertu beharko dute, haurren begiradatik.
Izan ere, buru txikiak izanagatik, ideia handiak jaso ohi ditu Haurren Hiriak, eta horixe da helbururik behinena: Tolosa egiten, elikatzen eta sortzen jarraitzea, belaunaldi gazteenen iritzia eta errealitatea ere kontuan hartuz.
Bide horretan, aurten 43 haurrek parte hartu dute proiektuan, bederatzi hilabetez; 24 mutil eta 19 neska. Lehen hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko neska-mutilak izan dira guztiak, eta Tolosako hiru ikastetxeek parte hartu dute: Herrikidek, Laskorainek eta Samaniegok.
Balorazio agerraldian Olatz Peon alkatea eta Arantxa Oria Haurren Hiria proiektuko hezitzailea izan dira, eta Peonek azpimarra jarri nahi izan dio gaztetxoenen iritziari: «Herriko hainbat dinamikaren funtsezko atala dira, eta etorkizuna ordezkatzen dute». Horrela, Haurren Hiria zeharkako gaietako bat da Tolosako Udalean, eta sail guztiek parte hartzen dutela zehaztu du alkateak.

Zer behar du gaztetxoentzako Tolosak?

Joan den maiatzaren 13an biribildu zuten Haurren Hiriaren ikastaroa, Zerkausian egidako Mintzatxokoarekin eta festarekin. Horrela, ikasturtean barrena landutako guztia azaltzeko aukera izan zuten haurrek.
Aurtengo gaia udal ekipamenduen azterketa izaki, kultur etxea, Aranburu jauregia eta Errota ezagutu dituzte, sei saiotan. Arantxa Oriak azaldu du, jarduera guztiak modu ludikoan egin dituztela, jolasen bitartez eta, neska-mutilek, oro har, hutsune batez ohartarazi dute haur eta gaztetxoei begirako jardueretan: «Udal artxiboa deskubrimendu bat izan zen eurentzat, eta Aranburu jauregian aspertu egin zirela azaldu zuten. Kultur etxean, berriz, asko gozatu zuten eta itzuliko liratekeela nabarmendu, denbora libre gehiago balute. Zabalarretara bisita ere egin genuen, eta ideia zaparrada bat egin zuten, parkerako propoposamenekin. Ondoren, maketa bat osatu zuten proposamen horiekin: tirolina bat, tobogan erraldoi bat, zuhaitzean etxetxo bat eta labirinto bat eskatu zituzten», azaldu du Oriak.
Aurten jasotako ideia eta lanketetatik proiektu berriak martxan jarriko ditu udalak, baina, horrekin batera, hurrengo ikasturteko gaia ere zehaztu dute jada: belaunaldi arteko transmisioa. Olatz Peonek azaldu du gaztetxoek eskatutako zerbait izan dela, eta Tolosatzen parte hartze prozesuan ere eskarietako bat izan dela. Horrela, berebiziko garrantzia eman dio, «izaera parte hartzailea duten espazio komunak sortzea, gazte eta helduen artean».
Datorren urrira bitarte ez dira belaunaldi arteko harremanak saretzen hasiko, baina, San Joan jaien barruan, Haurren Hiriak izango du tarterik, San Joan su txikian eta Zumardiaundiko jaian.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!