«Erronka, egiten ari garen lanari zentzua bilatzea da»

Asier Imaz 2017ko eka. 14a, 07:56
Igor Serrano, eskuinean atezainaren ondoan, Tolosa CF-ko infantilen taldearekin. TOLOSALDEKO ATARIA

Jokalariak dira garrantzitsuenak Igor Serranorentzat, izan Hirugarren Mailakoak, Euskal Ligakoak edo infantilak; kirol zuzendaritza postua hartu orduko hutsuneak betetzen hasi da idiazabaldarra.

Igor Serrano hasi da lanean. Tolosa CF-ren futbol arloko kirol zuzendari berria da Serrano; «baiezkoa esan eta lanean hastea bat izan ziren». Txema Sernaren lekua beteko du 41 urteko idiazabaldarrak, eta badu lana: Hirugarren Mailako taldearen etorkizuna; harrobirako entrenatzaileak eta ahaztuta utzi nahi ez duena; nesken sekzioa. Futbol jokalari eta entrenatzaile izandakoa da Serrano, eta esperientzia horrekin iritsi da postu berrira; ideiak garbi: «Hazia landatzetik fruitua lortzerainoko prozesuan, landarea zaindu egin behar da, uneoro. Fase guztiek dute garrantzi berdina».

Igor Serranoren futbol ibilbidea herriko taldean hasi zen. Jubenilen azken urtean, Idiazabal utzi eta Lasartera joan zen, Michellin-era. Handik, berriro Goierrira. Ordizian bi urte egin zituen, Erregional Ohorezko Mailan. Urolak gertutik jarraitzen zituen Serranoren urratsak, eta Hirugarren Mailako taldetik eskaintza egin zioten. Berriro eskualdetik urrundu zen idiazabaldarra, bere jokalari ibilbideko gorenera iritsiz. Urolan hiru urtez egon zen, lesio batengatik futbola utzi zuen arte. Baina ez zen betirako izan.

Oroitzapen gozoenak oraindik iristear zeuden: «Geldialdiaren ondoren, berriro Idiazabalen hasi nintzen jokatzen. Bi maila igo genituen, eta taldea Erregional Ohorezko Mailan jarri genuen. 2.000 biztanleko herri txiki batentzat izugarria da hori, besteak beste, Tolosa CF bezalako taldeen aurka jokatzen ibili ginen. Igoera horiek izugarriak izan ziren». 28 urterekin bukatu zen Igor Serranoren futbol jokalari ibilbidea.

Idiazabali lotuta jarraitu zuen futbolari ohiak, eta orduan ezagutu zituen futbolari lotutako beste hainbat arlo: «Aita presidentea, bi anaiak jokalariak eta ni lehen taldearen entrenatzailea. Orduan hasi nintzen benetan entrenatzaile bizitza ezagutzen». Kadeteekin igoera lortu ondoren, Idiazabalen talde nagusia entrenatzailerik gabe geratu zen eta Serranori deitu zioten. Ez zen dei bakarra izan, ordea. Lan kontuengatik Chilera joan behar izan zuen, eta handik bueltan, entrenatzaile izate hori serio hartzea erabaki zuen. Eta jokalari ibilbidean bezala, taldeen deiak eta emaitzak jasotzen hasi zen idiazabaldarra: «Ilintxarekin preferenterako igoera lortu genuen, eta gero mantentzea. Aloña Mendira joan nintzen ondoren, taldea Ohorezko Mailan mantentzeko helburuarekin. Bi urtez oso gustura egon nintzen bertan, helburua betez. Zumarraga izan da azken taldea, eta Ohorezko Mailarako igoera lortu dugu».

Igor Serranoren entrenatzaile ibilbideak 10 urte baina gehiago pilatzen ditu. Orain etenaldi bat egin beharrean izango da, beste ibilbide baten hasieraren aurrean baitago.

IBILBIDE BERRIRAKO PREST

«Erronka bat bezala hartzen dut», erantzuten du Serranok. Galdera, kirol zuzendari postuaren ingurukoa da: Prest al zaude postu berrirako? «Beste eskaera maila bateko postua da, baina prest egon beharra dago. Futbolarekin lotura dauka, eta futbol mundua ezagutzen dugu. Nire ibilbidean beste pauso bat ematea izango da; aurreko guztiaren segida». Igor Serranoren helburuetan jarraipen hori argi eta garbi identifikatzen da: «Bai jokalari bezala, eta baita entrenatzaile bezala, buruan beti eduki dut egiten ari naizen lanari zentzua bilatzea. Gure egunerokotasunean denok joan beharra daukagu lanera. Tolosa CF-n ez da inor bizi futboletik. Orduan, egiten dugunaz gozatu beharra daukagu. Hori da nire erronka garrantzitsuena. Erabaki zailak hartzea ere tokatuko zaigu, baina horretarako prest egon beharra dago. Azkenean, arlo guztietan bezala oreka bat bilatu beharra dago: lana, familia, futbola… eta gozatzen saiatu».

Oreka hori estruktura guztira zabaldu nahi du Igor Serranok, eta orain arteko elkarrizketetan, jendea lanerako gogoz aurkitu du: «Giro positiboa dago Tolosa CF-ren barruan. Garrantzitsuena jokalariak dira, eta orain, eurentzat entrenatzaileak bilatzea tokatzen zaigu. Adin bakoitzera hobekien egokitzen diren entrenatzaileak aurkitu nahi ditugu». Harrobiko hainbat taldek bezala, Hirugarren Mailakoak ere entrenatzaile berria izango du: Ander Avellaneda tolosarra. «Gogotsu dago, taldeko kapitainak bezala. Maila mantendu edo galdu, gogoa berdina izango da; ez daukat zalantzarik».

NESKEN SEKZIOA

Olaberrian eskola txikien aldeko futbol txapelketa antolatu zutenean, Realeko lehen taldea, Gipuzkoako selekzioa eta Goierriko selekzioa eraman zituzten. Igor Serrano azken hauen entrenatzailea izan zen. Ez da hori emakumeen futbolarekin duen bizipen bakarra. Sakon eta luze hitz egiten du emakumeen futbolaz idiazabaldarrak, eta ondorioa ere sakona botatzen du: «Azken urteetan, futbol munduan, bilakaera indartsuena emakumeen futbolak izan du».

Tolosa CF-k 24 futbol talde ditu, horietatik zortzi, neskenak. «Gainean egon beharra daukagu; zaindu, babestu eta beharra dutenean lagundu. Oso garrantzitsua da euren arazoak entzun eta nola lagundu erabakitzea. Baina eurekin bezala, beste talde guztiekin, neska edo mutil. Guztiak dira futbol jokalariak. Garrantzitsuena, euren bilakaeraren prozesu guztia gertutik jarraitzea eta zaintzea da».

Guzti hori koordinatzea tokatuko zaio Igor Serranori, Tolosa CF-ren futbol arloko kirol zuzendari berriari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!