Astebete, kirol udari ekiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ekainaren 9a

Usabal kiroldegiak eta Tolosako kirol taldeek elkarlanean aurkeztu dute udako kirol ikastaroen eskaintza

Oihuka dio eguraldiak, eta oihu horiei jarraitu nahi diote herritarrek: uda badator. Eta, udaren etorrerak festa eskutik ekartzen badu ere, kirola egiteko aukerak zabaltzen dira Tolosan. Kirolzerren eta Tolosako Udalaren elkarlanetik, Usabal kiroldegiak eta Tolosako kirol taldeek elkarrekin plazaratu dute datozen hilabeteetarako prestatu duten eskaintza. Gainera, iragarri dute datorren ekainaren 15ean zabalduko dutela kanpoko igerilekua, irailaren 22ra bitarte.

Hain zuzen ere igerilekuak eskainiko die, Usabalgo erabiltzaileei, aurtengo berrikuntza nagusia: Iurreamendi auzotik zuzenean igerilekura heltzeko sarbidea berritu dute, tornu berri bat ezarriz.

Ura, lurra eta haizea

Udatiarren gozamenerako gune nagusia izan ohi da igerilekua, baina oporraldia sasoian pasatzeko ere hamaika aukera izango dituzte tolosarrek, ekainaren 26tik aurrera, ikastaroekin.

Christian Fernandez kirol zinegotziak zehaztu du, «Urteko 750-800 haur inguruk» parte hartzen dutela udako kanpainak. Horrela, zenbaki horiei eutsi eta neska-mutilak kirolean hezteko, ikastaro guztietako izen ematea zabalik da jada. Bide beretik, helduentzako ere 16 ikastaroko eskaintza plazaratu du Usabalek. Besteak beste, aquafitnes, jumpfit, pilates, zumba, desafit, body pump, cycling, tenisa, padela, igeriketa, dantza eskola, futbol satge-a, basket stage-a, eskalada nahiz hipika daude eskaintzan.

Kiroldegiko aukerarekin batera, ordea, Tolosako kirol taldeek hainbat berrikuntza eskainiko dizkiote 2017ko udako kirol egitarauari. Batetik, Tolosa CF-Aurrera pilota elkarteak bi ikastaro eskainiko ditu ekainean eta uztailean, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Manu Ayerza arduradunak azaldu duenez, gainera, neskei begirako ikastaro berezia antolatu dute, lehenengoz: «7 eta 14 urte bitarteko ikastaroa prestatu dugu, eskuz zein palaz aritzeko. Neskak pilotara hurbiltzea nahi dugu».

Beren aldetik, Tolobolei elkarteko kideek ere ikastaroak eskainiko dituzte, Ferialekuan. Pozik azaldu dira kantxa finkoa lortu dutelako eta, horrela, helduentzako eta haurrentzako saioak eskainiko dituzte, mailaren araberako bi talde eginez. Lander Arregi arduradunak, gainera, boleibolaren izaera parekidea azpimarratu du agerraldian.

Baloiarekin bezala, arraunekin ere aritu ahal izango dute gaztetxoek, TAK Oria taldearen eskutik. Izan ere, arraunaz gain, kayak eta waterlinean trebatzeko aukera izango da aurten.

Azkenik, Tolosalda IKT-k eta Tolosaldeko Triatloi Taldeak elkarlanean, neska-mutilak hurbilduko ditu triatloiaren mundura. Nerea Pagolak azaldu du, guztia oso modu ludikoan egingo dutela: «Hastapenak lantzea da gure helburua, triatloiaren oinarriak lantzeko. Kiroldegi barruan ere ariko gara, baina, batez ere, kanpoan: mendian, hondartzan,... 7 urtetik 13ra bitarteko haurrentzat izango da».

Izen-emateak zabaldu dituzte jada, Usabal kiroldegiko harreran bertan. Bazkide direnak, gainera, 943 53 64 00 telefonoan, Usabalgo Facebooketik edo www.usabalkiroldegia.com ataritik izena eman ahal izango dute. Eta, Zumardiari dagokion eskaintzaren berri, wwwzumardia.eus webgunean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!