Ekainaren 17an ospatuko da IV. Urtzi Gurrutxaga memoriala

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 8a, 19:00

Berazubi estadioan jokatuko dira partidak, eta alebin mailako 16 taldek hartuko dute parte; eguerdian, guztiek batera bazkalduko dute bertan.

Txapelketa honen bitartez, Tolosa CF-k, bertako jokalaria eta kapitaina zen Urtzi Gurrutxaga omendu nahi du. Gurrutxaga, 2014an, klubeko kamiseta defendatzen ari zela zendu zen. Hori dela eta antolatu dute txapelketa, eta Gurrutxaga omentzeaz gain, jokalariek beraien osasunaren zaintzak duen garrantziaz sentsibilizatzea nahi dute.

Txapelketa ekainaren 17an jokatuko da, eta azken urteko alebinei zuzenduta dago, 2005ean jaiotakoei, 16 taldek parte hartuko dutelarik. Gonbidatuen artean, izen handiko taldeak aurkitzen dira, hala nola, Reala, Athletic, Real Union, Beasain, Kostkas edota Ordizia. Gaztela eta Leongo Venta De Baños taldea ere bertan izango da. Aritz Doiartzabal, Urtziren lehengusu eta taldekide ohiak esan bezala, "Palentziako taldearekin harreman handia dugu, eta beste urte batzuetan ere etorri izan dira hona".

Hiru fase ezberdin jokatuko dira. "Lehenengoan, 4 taldetako 4 multzotan banatuko dira taldeak, eta beraien artean jokatuko dituzte partidak", aipatu du Oiartzabalek. Partidu bakoitzaren amaieran, hiru penalti jaurtiko ditu talde bakoitzak, berdinketak hausteko baliagarriak izango direnak. Bigarrengo fasera, multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira.

Fase horretara sailkatutako zortzi taldeak, partidu bakarrera jokatuko dute beraien arteko kanporaketa. A taldeko lehenak, C taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du; B taldeko lehenak, D taldeko bigarrenaren kontra; C taldeko lehenak, A taldeko bigarrenaren aurka eta D taldeko lehenak, B taldeko bigarrenaren kontra. Hirugarren fasean, finalaurrekoak, hirugarren eta laugarren posturako lehia eta finala jokatuko dira. "Kanporaketa guztietan berdinketa suertatuz gero, penalti bidez erabakiko da zein izango den talde sailkatua", adierazi dute.

Lehenengo eta bigarren faseko partiden iraupena, 20 minutukoa izango da, eta hirugarren fasean, berriz, 12 minutuko bi zati jokatuko dira partida bakoitzean. "Finalean, 20 minutuko bi zatitan neurtuko dituzte indarrak txapelketako bi talde onenek". Lehen lau taldeak saritzeaz gain, txapelketako jokalari onena, goleatzaile nagusia eta atezainik onena ere sarituko dituzte. "Txapelketako lehen fasea amaitzean, gainera, partaide guztiei, bazkaria emango zaie Berazubin bertan", gaineratu du.

Tolosako Udalaren izenean, Cristian Fernandez Kirol zinegotziak, gonbidapena luzatu nahi izan diete herritarrei, eta datorren hilaren 17an, Berazubira hurbil daitezen eskatzen diete, "larunbat polit bat elkarrekin igarotzeaz aparte, haurrak animatu eta Urtzi oroitzeko aukera ona izan daitekelako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!