Misterioa eta umorea uztartuko dituzte antzerki tailerreko kideek, ikasturte amaierako emanaldian

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ekainaren 7a

Txanogorritxo eta besteak ikuskizuna eskainiko dute, ostiralean; taldearen aniztasuna azpimarratu dute aurkezpenean

Ikasturte hasieran ekindako lana biribiltzeko hitzordua prestatu du, beste behin, Tic-Tac kultur etxeko antzerki taldeak. Elena Aranbarriren gidaritzapean, 22 herritar elkartu dira aurten, eta Txanogorritxo eta besteak gaztelerazko ikuskizuna eskainiko dute, ostiralean, 20:30ean, Leidor aretoan.

Emanaldian banakako hiru obra ikusteko aukera izango dute bertaratuek, eta misterioa eta giro gotikoa nagusi izango dira, betiere, umore kutsuarekin. Gainera, ikasturte amaierako ikuskizuna baliatuko dute, 2016an zendutako bi antzerkigile omentzeko: Francisco Nieva eta Dario Fo.

Misterio horren pean, Tic-Tac antzerki taldeak maitasuna, pasioa, heriotza, gezurrak nahiz zorigaitza jarriko ditu taula gainean: "Bizitza baino zentzugabekeria handiagorik ez dago eta, horregatik, oholtza gure alde ilunenen ispilu bilakatzen da".

Atzo egin zuten lehen entsegua, Leidor aretoan, eta gogotsu daude ostiraleko hitzordurako. Horrela, Nuria Carbonellek ere herritarrak deitu ditu parte hartzera: "Kalitatezko obra bat ikusteko aukera ezin hobea da, nahiz eta aktore amateurrak izan".

Kalitate horren atzean taldeko giroa dagoela nabarmendu dute Tic-Tac taldeko kideek. Askotariko adin, jatorri nahiz lanbideak dituzte eta, Elena Aranbarriren ustez, "horrek aberasten du guztia". Bide horretan, antzerki tailerrean parte hartzea "sekulakoa" dela baieztatu dute kide guztiek: "Eromen berberak batzen gaitu, eta sekulako esperientzia da; primeran pasatzen dugu, eta Elenak lan izugarria egiten du, gutariko bakoitzari bere onena ateratzeko".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!