Ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko da Tolosa&Blues jaialdia. Aurtengoa, 13. edizioa izango da eta Nuria Carbonell kultura, jaiak eta gazteria zinegotziak azaldu bezala, "Tolosako plaza eta txoko ezberinetan" entzun ahal izango dira egitaraua osatzen duten 9 kontzertuak. Iñigo Martin jaialdiko antolatzaileak gaineratu du, "pixkanaka sendotzen doan jaialdia dela" eta aurreko urteetan bezala, "bi gune nagusi egongo direla, Plaza Berria eta Euskal Herria plaza".
Jaialdia ekainaren 29an hasiko da, Maria Luisa Agirre doktorearen plazan, 20:30ean hasiko den kontzertuarekin. Bertan, Star Blues gipuzkoar taldeak eskainiko du emanaldia. "Etxeko taldea dela esan genezake", azaldu du Martinek. Bi musikari tolosarrek eta goierriko beste bi kidek osatzen dute taldea, eta jatorrizko blues doinuei uko egin gabe, rock estiloarekin ongi moldatzen den taldea da.
Ekaina amaitzearekin batera, kataluniatik etorritako Big Mama hirukotearen emanaldiaz gozatu ahal izango da, hilaren 30ean, Ilargi tabernaren kanpoaldean. "Big Mama atlantikoaren alde honetako bluesaren erregina kontsidera daiteke" Martinen hitzetan. 25 urtetako eskarmentua du, eta blues talde ugarirekin jo izan du orain arte. Gauean, berriz, aurtengo gonbidatu bereziarekin gozatu ahal izango da, Euskal Herria plazan, Alex Schultz gitarra jotzaile estatubatuarraren eta bizkaiko Travelling Brothers taldearen kontzertuarekin. "Hauek ez dute aurkezpenik behar, gaineratu du Martinek".
Uztaileko lehen egunean ere blues doinuek Tolosa alaitzen jarraituko dute. Arratsaldean, Solana, 4 tabernaren kanpoaldean, Animal Blues Iruñako euskal taldeak eskainiko du kontzertua. "Beraien lehen diskoa kaleratu berri dute, ukitu berriekin, jatorrizko blues doinuak alde batera utzi gabe; diskoa entzun eta berehala pentsatu nuen hona ekartzea", esan du Martinek, "eta zuzenean oso onak direla aipatu didate".
Gauean, Plaza Berrian emanaldi bikoitzaz gozatu ahal izango dute ikusleek. Sortu berri den Bluetrain taldeak eskainiko du kontzertua lehenik, gipuzkoar musikariak daude bertan. "Batez ere, 50. eta 60. hamarkadetako musika jotzen dute, Chicagoko estiloa nabarmenduz". Ondoren, berriz, "Europa mailan dagoen harmonika jotzaile onenetako batekin gozatu ahal izango da, hain zuzen ere, Joan Pau Cumellas kataluniarrak, The Teasers Blues Band taldearekin ariko baita. 8 musikariz osatutako taldea da, "ikuskizun hutsa izango da", Martinek esan duenez.
Amaitzeko, Carbonellek "ea eguraldiak laguntzen duen" aipatzeaz gain, gonbitea luzatu nahi izan dizkie herritar guztiei, kontzertuetara gerturatu eta jaialdiaz gozatu ahal izateko.
Azken egunean, uztailaren 2an, Euskal Herrian dagoen piano jotzaile onenak, Paul San Martin donostiarrak eskainiko du kontzertu akustikoa, Saikin tabernan, Mingo Balaguer musikariarekin batera. Arratsaldean, berriz, "ondo sendotu den" Txurreria tabernaren kanpoaldean, Tina Masawi hirukotea entzuteko aukera izango da, tonu intimistago batean.
Egitaraua:
Ekainak 29, osteguna:
20:30. Star Blues, Maria Luisa Agirre doktorearen plaza.
Ekainak 30, ostirala:
19:30. Big Mama Trio, Ilargi tabernan.
22:30. Alex Schultz eta Travelling Brothers, Big Mama Trio, Euskal Herria plazan.
Uztailak 1, larunbata:
13:00. Big Mama Trio, Lopez Mendizabal plazan.
19:00. Animal Blues, Solana, 4 tabernan.
22:30. Bluetrain eta The Teasers Blues Band, Plaza Berrian.
Uztailak 2, igandea:
13:00. Paul San Martin eta Mingo Balaguer, Saikin 2 tabernan.
20:00. Tina Masawi Trio, Txurreria tabernan.