Oria ibaian ahateak baino gehiago ikusi daitezkeelako

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ekainaren 6a

Oria ibaiko hegaztien gida 1 1496757623703
Oria ibaiko hegaztien gida 3 1496757636434
Oria ibaiko hegaztien gida 5 1496757649124
Oria ibaiko hegaztien gida 7 1496757660855
Oria ibaiko hegaztien gida 2 1496757630272
Oria ibaiko hegaztien gida 4 1496757642373
Oria ibaiko hegaztien gida 6 1496757655051
Oria ibaiko hegaztien gida 8 1496757672539

Hainbat adituren laguntzarekin kaleratu du Tolosako Udalak ibaian dauden 18 hegazti espezieren informazioa biltzen duen gida «praktiko eta ulerterraza» 

Atzean utzi ditu Tolosa zeharkatzen duen Oria ibaiak kolore biziz eta aparrez gainezka jaisten zeneko urteak. Gaur egun ibaia garbiago dago eta geroz eta ugariagoak dira bertan dauden landare eta animalia espezieak. Amuarrainak eta barboak oso ugariak dira egun eta iaz izokin kumeak ere bota zituzten uretara. Oria aberasteko saiakerak ez du etenik eta azken ekarpena ibaian ikusi daitezkeen 18 hegazti espezieren informazioa biltzen duen gida da. Tolosako Udalak egin du hainbat adituren laguntzarekin, tartean Alberto Luengo biologo eta Txingudiko Ekoetxeko teknikaria eta Asier Manso Eguzki taldeko kidea. «Gidak 18 hegaztiren informazio praktiko eta ulerterraza biltzen du, baina ez dira horiek Orian ikusi daitezkeen espezie bakarrak», esan du Mansok.

Gidak normalean ikusten diren hegaztien nondik norakoak biltzen ditu Luengoren hitzetan, «hegaztien irudiak ditu eta ondoan txori horiek urteko zein garaitan ikusi daitezkeen, ikusteko zein zailtasun dituzten, bakarka edo taldeka ikusi daitezkeen, espezie horien mehatxu maila eta zein tamaina duten biltzen du». «Helburua tolosarrek eta bisitariek gure ibaiaren aberastasuna ezagutzea da», esan du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak. Gida bihartik aurrera eskuratu daiteke udaletxeko sarreran edo turismo bulegoan, eta eskoletan zabaltzeko asmoa ere badutela gaineratu du zinegotziak.

Honetaz gain, Zerkausian gidan ikusi daitezkeen irudiak eta informazioa eta Mansok ateratako argazkiak jarri dituzte, udalak ibaiaren aberastasuna jendartera zabaltzeko duen helburua bete asmoz.
Ez dira Oriaren gaur egungo egoeraren berri emateko antolatutako ekitaldi bakarrak, datorren asteartean, hilak 13, bisita gidatu bat ere egingo baitute. 19:00etatik aurrera Alberto Luengo eta Asier Mansok Zerkausiko erakusketan bisita gidata egingo dute eta ondoren, hegaztien eta animalien inguruko argazkilaritza tailerra eskainiko du Xabier Mendarte argazkizale, marrazkilari eta naturazaleak, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Izan ere, mota honetako argazkiak ateratzea ez da erraza eta pazientzia eta hainbat ezaugarri hartu behar dira kontuan Mansoren hitzetan.

Tailerra baino lehen mahai inguru bat egingo dute, argazkilaritza berezi honek dituen ezaugarriez hitz egiteko, «materiala, trukoak, jokabideak eta abar», azalduz.

Tolosako ibaian dauden hegaztien azken gida 1997. urtean kaleratu zuen Tolosako Ekinbide Etxeak. Besteak beste, Koldo Lopez eta Mikel Peña izan ziren egileak eta gida hartan dauden espezieak oraindik ere mantentzen dira. «Horien artean ditugu Txirritxo txikia, Uhalde enara edo Txilinporta txikia», esan zuen Amantegik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!