Gazteei elkartasuna adieraziz

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko ekainaren 3a

Jende ugari bildu da Gaztelako arku ingurura, auziperatuei babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz.

Garden Guraso elkarteak antolatuta, argazki erraldoia atera dute, gaur, Gaztelako arkura hurbildu diren herritarrek. Bertan, auziperatuta dauden bost gazteei elkartasuna adierazi nahi izan diete.

Hain justu, ekainaren 15ean eta uztailaren 13an dituzten epaiketak direla eta. Lehena, Tolosako Limousin etxea okupatzeagatik atxilotu zituzten bi gazteen ingurukoa da, eta bigarrena, berriz, Intxurre tabernan, inauterietan atxilotutako hiru gazteena.

Gaztelako arkuaren inguruan bildu behar izan dute, Trianguloako azoka zela eta. Bertan, norbanako eta eragile ezberdinak bateratu eta egoera hauek salatzea izan da helburua. Egoera horiek, une honetan, honela daude: Okupazioagatik auziperatutako bi gazteei, 3 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri nahi diete, eta Intxurre tabernan atxilotutako hiru gazteei, berriz, 4 urte eta erdi eta 5 urte eta erdi arteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko isun ekonomikoa.

Honekin batera, datozen asteetan ere mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte, esaterako, datorren larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Trianguloa plazatik abiatuta, Tolosan egingo den manifestazioa. Bertara joateko deia zabaldu nahi izan du gaur Garden Guraso elkarteak, baita 'Gazteak kalean' taldeak ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!