Marraztu dute 2027rako bide tolosarra

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 1a, 12:26

Joseba Ormazabal eta Olatz Peon izan dira aurkezpenean.

Datozen hamar urtera begirako plangintza onartu berri du udalbatzak; Tolosatzen parte hartze prozesuaren emaitza da

Urte eta erdiko lanak hamar urtera begirako bidea marraztu die tolosarrei, Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027 egitasmoaren eskutik. Tolosatzen prozesuak elikatu du proiektua, eta hiru hanka nagusi izan ditu: herritarrak, udal teknikariak eta ordezkari politikoak. Horrela, Olatz Peon alkateak eta Joseba Ormazabal parte hartze zinegotziak plangintzaren adostasun izaera azpimarratu nahi izan dute aurkezpenean: «Interes desberdinak dituzten herritar, talde, eragile, teknikari nahiz alderdiek bat egin dute»
Lehen fasean Tolosaren argazkia osatu zuten, esparruz esparru, herritar, teknikari eta politikarien ekarpenak jasoz, eta horiekin guztiekin diagnosia eginez. Orain, informazio bilketa hori antolatuta, Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027 plana osatu dute, «etorkizuneko norabideak zehaztu eta horiek gauzatzeko jarduera nagusiak zehaztuz».

73 proposamen

Lau adar nagusi izango dira, datozen hamar urteetarako proiektuen abiapuntu: Pertsona eta gizarte zerbitzuak; Hezkuntza eta kultura; Garapen ekonomikoa eta, azkenik, Ingurumena. Aipatzekoa da, gainera, proiektu osoan barrena, parekidetasuna eta euskara zeharkako gai izan direla.
Lau ildo horien baitan 24 programa antolatu dituzte, eta 73 jarduera zehatz proposatu. Modu horretan, urtez urteko aurrekontuan isla izango dute proposamenek, Joseba Ormazabalek azaldu duenez: «Urtero-urtero, herritarrekin, udal teknikariekin nahiz ordezkari politikoekin elkartuko gara, plangintzako ekintza zehatzak baloratu, eta hurrengo urteko aurrekontuan nola txertatu beharko liratekeen erabakitzeko». Horregatik, proposamenak «zehatzak baina malguak» direla nabarmendu du zinegotziak, «aldaketarako aukera eskainiz».
Proiektu horiek, gainera, lehentasunaren arabera sailkatu dituzte. Modu horretan, premia handiagoa duten ideiak epe motzera gauzatzea proposatu du dokumentuak, beste hainbat epe luzeagorako utziz.
Adibide zenbait aipatze aldera, bete beharreko proposamenen artean dira honakoak: gizarte zerbitzuak lana-auzoetara gerturatzeko, urtero, gutxienez, bi auzotara bisitak egitea; gazteen emantzipazioa sustatzeko politikak diseinatzea; Tolosan emakumeen etxe bat sortzeko lan mahai sortzea, gunearen funtzionamendu eta filosofiak zehazteko; kultura parte hartzailea zabaldu eta udal funtzionamenduan txertatzea; eremu ez formaletan euskararen erabilera indartzea; kirol begiraleen etengabeko formakuntza baloreetan, berdintasunean eta euskaran oinarritzea; Tolosako memoria eta ondare historiko-artistikoaren inguruan ikerketak burutzeko diru laguntzak ematea, berdintasun irizpideak kontuan hartuz, nahiz udal liburutegi berria martxan jartzea.
Adostasunari azpimarra jarri dion bezala, Olatz Peonek hastear den fasea ere balioan jarri du: «Plangintza osatzea lorpen handia da, baina hastear den faseak egiten du berezi parte hartze prozesu hau. Izan ere, etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko aukera eskaintzen du, eta proiektuen gauzatze maila zenbaterainokoa den ikusi ahal izango dute herritarrek, laster aurkeztuko dugun www.tolosa.eus webgune berrituan».
Gizartea aldatu, eta denbora gutxian administrazioa ulertzeko modua ere garatu egin dela uste du Olatz Peonek. Horrela, aldaketa horretan ezinbestekotzat kokatu ditu horrelako plangintza eta prozesuak: «Herritarrek gardentasun handiagoa eskatzen dute, ez bakarrik legeak, eta gure helburua da parte hartzea sistematizatzea. Uste dugu hau pauso handia dela, eta bete-betean sartu garela gobernantza eredu berriaren ordenantzan. Hala ere, honek ez du esan nahi parte hartze prozesu independenteak egingo ez ditugunik, esaterako, auzoetan egin ditugun bezala».

Aurten, 400.000 euro

Hamar urte barru ezagutu nahiko luketen Tolosa deskribatzetik hasi, eta 73 proposamen horietara iristeko, beharrezkoa izan da hainbat tolosarren alea.
Zehazki 100 pertsonatik gora aritu dira egindako 10 bileretan, eta erdiak baino gehiago emakumeak izan dira. 50 elkarte eta eragile ere ordezkatuta egon dira prozesuan barrena, eta 11 udal teknikarik parte hartu dute; areago, prozesuaren arduradunak izan dira Iñigo Muñoz ingurumen teknikaria eta Garikoitz Lekuona parte hartze teknikaria.
Artean ekintza zehatzak biltzeko baldin bazeuden ere, 2016 amaieran 40 proiektuko sorta txertatu zuten, 2017ko aurrekonturako, mahai sektorialen bileretatik: udalak, beraz, 400.000 euroko aurrekontua bideratu du, jada, parte hartze prozesutik ateratako proiektuetara.
Uztailean izango da prozesuaren hurrengo hitzordua: Tolosatzen prozesuan parte hartu duten herritarrak deituko dituzte, adostutakoaren jarraipena martxan jartzeko, eta 2018ko aurrekontuen inguruan lanean hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!