Kerik gabeko ingurune baten alde

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 31a, 20:17

Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, egun osoan zehar ikusgai jarri dituzte #ZigarrokinakTolosa argazki lehiaketako irudiak Trianguloa plazan, eta arratsaldeko 19:00etan egin dute sari banaketa. Tolosa ke eta zigarrokinik gabeko gune bihurtzea zen helburua, eta Raul Odriozola eta Aitor Benitez izan dira irabazleak.

Tolosako Udalak, Osakidetzak, AECCk, Asuncion klinikak eta Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko sailak #zigarrokinatolosa argazki lehiaketa abian jarri zuten duela aste batzuk Instagram sare sozialean.

13 urtetik aurrerako pertsonei zuzendutako lehiaketa izan da, eta 36 argazki aurkeztu dituzte guztira. Horiek guztiak, ikusgai egon dira egun osoan zehar Trianguloa plazan jarritako gunean. Argazki guztien ondoan, Tolosako plano handi bat jarri dute, eta herriko zenbait gune zenbakiekin markatuta zeuden bertan, hain zuzen, argazki bakoitza egindako guneak.

Sariei dagokienez, 150 euroko gutun bat banatu die saridun bakoitzari, Tolosa&Co elkarteko edozein dendatan erabili ahal izateko. Antolatzaileek aukeratutako epai mahai batek erabaki du argazkirik onena zein izan den, kasu honetan, Aitor Benitezena izan da saritutako irudi hori; besteak beste, kalitatea, sormena eta gaiarekiko lotura kontutan hartu dituzte erabakitzeko garaian. Argazkirik bozkatuena, berriz, Instragram sare sozialean "atsegin dut" gehien jaso dituen Raul Odriozolaren irudia izan da, 256 atsegite lortu dituelarik. Lehenari, Tomas Plazaola, eskualdeko osasun saileko arduradunak eman dio saria, eta bigarrenari, berriz, Patxi Amantegi zinegotziak, Tolosako Udalaren izenean.

Lehiaketaren helburua, tabakoak, oro har, osasunean eta zigarrokinak ingurumenean sor ditzakeen kalteez ohartaraztea da. Zigarrokina lurrera botatzean kontaminazio-iturri bihurtzen dela gogora ekarri nahi izan dute. Hori dela eta, argazkiekin batera, zenbait panel jarri dituzte ikusgai Trianguloan bertan, zigarrokin eta tabakoaren inguruko informazio gehigarriarekin, baita biriken ahalmena eta arnasketa prozesua neurtzeko gailu bat ere, nahi izan duenak erabili zezan. Haurrek, zenbait marrazki margotzeko aukera izan dute, eta txapak egiten ere aritu dira antolatzaileak bisitariei eskaintzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!