Harri Jaia eta XI. Mendi Martxa, Bedaio ezagutzeko

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 31a, 11:43
Iazko Bedaioko Mendi Martxaren une bat.

Bedaion bi ekitaldi izango dituzte aste honetan. Horietako bat bihar bertan, Harri Jaia izango da. Bestea, igandean egingo den XI. Mendi Martxa.

Usadiori jarraituz nekazaritza eta erlijioa bat egiten duten eguna da Harri Jaia, bedaiotarrentzat oso berezia eta maitatua. Eguna meza nagusiarekin hasiko da, 11:00etan. Usadioari jarraituz, berriro ere uztak suntsitu zituen harri jasa gerta ez dadin, San Isidro prozesioan aterata herriko elizari buelta eginez eskaria egiten dute bedaiotarrek. Ondoren trikiti eta bertsolariek animatuko dute Artubi elkartean egingo den hamaiketakoa. Eguerdian herri bazkaria izango da Abaetxe jatetxean, eta musika eta bertsoak izango dituzte afaldu bitarte. Afaria Artubi elkartean izango da egunari amaiera emateko.

«TOLOSAKO ARNAS GUNEA»

Igandeko XI. Bedaioko Mendi Martxarako bi ibilbide prestatu dituzte Artubi elkartetik. Lehenengoa 07:30ean abiatuko da Bedaioko Abaetxeko lorategitik eta ibilbide gogorrena izango du. Artubi (1.262 m) puntu garaiena izanik 23,5 kilometro burutu beharko dituzte parte hartzaileek. Bestea 08:30ean abiatuko da eta Artubi mendia ez dute igoko, guztira 16 kilometro eginez. 10 urtetik gorakoentzako prestaturikoa, famili giroan egiteko pentsatuta dago.

«Bedaioko inguru naturalak ezagutaraztea da mendi martxaren aitzakia, Aralarreko sarreran dagoen Tolosako benetako arnas gunea», esan du Jon Azpiroz Artubi elkarteko kideak. Txindoki, Artubi (Tolosako mendirik altuena), Balerdi, Otsabio mendiez inguraturik, pagadi eder eta zabaletan, Nafarroako mugan zehar Zarateko gunetik ibiliko dira ibiltariak.

Ibilbidean hainbat anoa gune izango dira, ura, freskagarri eta jatekoarekin. Bukaeran, ohitura denez, haragi egosi, txorizoa, salda eta abar izango dira parte hartzaileentzat. Bestalde, martxaren laguntzaileei esker, hainbat sariren zozketa egingo da.

Antolatzaileek eskatu dute dena hobeto prestatzeko izen ematea aurrez egiteko, mendimartxabedaio.com edota www.bedaio.com helbidean sartuta. Izen ematea 10 euro izango da eta 14 urte azpikoek ez dute ordaindu beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!