Lau hilabetean, enpresa txikien gune izango da Oriaburu

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 30a, 17:22
Argazkia: Tolosako Udala

Udalak ekainean ekingo die co-working gunea egokitzeko obrei, eraikineko lehen solairuan; amaitu berri dituzte kanpoaldea eraberritzeko lanak

Duela zenbait hilabete iragarritako helburura iristen ari da Tolosako Udala: Oriaburu eraikinean co-working gunea izango da, hilabete gutxiren buruan. Kanpoaldeko obrak amaitu berri dituzte, eta ekainean ekingo diete lehen solairukoei.

Bada, jada, urtebete pasatxo, Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkarteak Oriaburu eraikina egoitzatzat hartu zuela. Orain, Oriaburu etxeak zabaldu egingo du jarduna, enpresa txiki eta ertainei begira. Udalak azaldu duenez, profesional independenteentzat nahiz enpresa txiki eta ertzainentzat egokituko dute espazio fisikoa. Modu horretan, egoitza eta baliabide teknologikoak partekatzeaz gain, proiektuak elkarrekin garatzeko topagunea izango da.

Horren harira, Olatz Peon alkateak azaldu du «ezinbestekoa dela tolosarren beharrei erantzungo dieten jarduerak elkarlanean garatzea», eta Tolosaren garapen ekonomikorako motor berritzat jo du co-working gunea.

SOLAIRU BAT, HAMAIKA PROIEKTU

Tolosa&Coren egoitzaren goiko solairua hartuko du co-working guneak, eraberritze lanak amaitutakoan.

Lau hilabetez ariko dira lanean, eta 62.300 euroko aurrekontua baliatuko du, udalak, obra finantzatzeko. Horrela, lanak amaitutakoan, 4-6 pertsonarentzako gela, bilera gela, atseden lekua, sukalde txiki bat, zerbitzari eta komunikazio-ekipoentzako zentroa, bainugelak nahiz instalakuntza guztiak berrituta izango ditu Oriaburu eraikineko lehen solairuak. Halaber, eskaileren alboan txoko bat utziko dute, aurrera begira igogailua ezarri ahal izateko.

Proiektu berritzaileak sustatzeko gunea izango da co-working berria, baina egonaldiek epe mugatua izango dute, udalak azpimarratu duenez: «Egitasmoak sustapen izaera duenez, epe jakin bat izango dute proiektuek eta egileek».

Beren ideiak garatu ahal izateko, banakako mahaiak, armairuak, wifia eta inprimagailua izango dituzte, eta 24 orduko sarbidea izango dute lan espaziora.

BEREZKO ITXURARI EUTSIZ

Amaitu berri dituzte Oriaburu eraikineko kanpoaldeko obrak. Jatorrizko itxura mantentzea erabaki du udalak eta, funtsean, isolamendu termiko nahiz akustikoa hobetzeko lanak egin dituzte, kanpoaldeko arotzeria eraberritzearekin batera. Teilatu hegalei ere tratamendu berezi bat eman diete, margotuz eta barnizatuz. Aurrekontua, guztira, 75.300 eurokoa izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!