Kantatzen ez duenak, zorionik ez du

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko maiatzaren 27a

Hirugarrenez, maiatzeko azken larunbata kaleko musikariek hartu dute, Tolosan; Musikherriak ez du txokorik utzi, gaur, notarik gabe.

Kalea da beren antzokia, eta kaleak eskaintzen die oihartzunik dotoreena. Kaleko musikaren eguna ospatzeko helburuz hasitakoa, hirugarrenez iritsi da Tolosara, eta festak beharrezko zituen osagai guztiek bat egin dute: eguraldi ona, jendea eta musika.

Goiztiarrenak dultzaineroak izan dira, dianekin herritarrak esnatuz eta, goiz erdialdetik aurrera, Tolosa nota, kantu eta akordeen lapiko bilakatu da: akordeoiak, klarineteak, txarangak,... Urteroko moduan, gainera, Uztaritzeko herritarrak ere bertaratu dira festara, tolosarrekin duten senidetzea kantuz blaitzeko.

Zorionik ez omen du kantatzen ez duena, et herri bazkaria egin dute Zerkausian, bazkalondo musikatuarekin. Arratsaldean ere izango da gorputza mugitzeko astirik, noski, eta eguna Laketen erromeriarekin biribilduko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!