Parrilan gorritutakoa, onena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 25a, 15:28
Joxe Migel Zendoia, Nerea Letamendia, Mikel Uribe eta Luis Mari Uranga, prentsaurrekoan.

IX. Bisiguaren Festak hartuko du hurrengo asteburua, eta Aingura gunea izango da berrikuntza nagusia; Txinparta elkarteak Udaberri eta Tolosako Ekinbide Etxea omenduko ditu

Uzturretik itsasoa ikusten da. Hala baieztatu du, gaur, Nerea Letamendia Tolosako Udaleko merkataritza, azoka eta turismo zinegotziak, IX. Bisiguaren Festaren aurkezpenean. Akaso horregatik izango da, edo akaso Oria ibaiaren kapritxoz, baina zalantzarik ez da: bada lotura berezi bat Tolosaren eta Orioren artean, eta horrek azal lezake, Bisiguaren Festa bederatzigarrenez aurkeztu izana.
Txinparta elkartearen ekimenez hasitakoak gorabeherak izan ditu azken urteotan, eta Zerkausitik elkartera ere lekualdatu zuten festa gastronomikoa. Iaz, ordea, Bisiguaren Festa ibai ertzeko jantoki erraldoira itzuli zen, eta Mikel Uribe Txinpartako ordezkaria pozarren azaldu da. Ekainaren 3rako eta 4rako antolatu dute guztia, eta 2017ko irekiera berezia izango da, gainera: Txinparta elkarteak Tolosako Udaberri dantza taldea eta Tolosako Ekinbide Etxea omenduko ditu, aurten 60 eta 50. urteurrenak  –hurrenez hurren–ospatzen ari direlako.
Eta, behin itsasoari begirako asteburua abiarazita, bisigua Orio estilora dastatzeko hiru hitzordu izango dira Tolosan; larunbatean bazkaria eta afaria eskainiko dituzte, eta igandean, berriz, bazkaria izango da. Urteroko moduan, Orioko Katxiña eta Xixario erretegietako Joxe Migel Zendoia eta Luis Mari Uranga parrileroak ariko dira, beren trebeziaz bisiguak errez. Guztira 300 bisigu inguru prestatzea aurreikusi dute,600 pertsonarentzat. Otorduetako jaki izarra bisigua izango da, noski, baina menuak bestelako produktuak dastatzeko aukera eskainiko die bertaratuei, 50 euroan: antxoak gatzetan, Getariako tomate eta hegaluze entsalada, Nafarroako zainzuriak, bisigua Orio estilora, Bixigoxo gozoa, edariak eta kafea. Bazkari eta afari txartelak eskuragarri daude, oraindik, Tolosaldea Tour turismo bulegoan, eta 943 69 74 13 telefonora deituz edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzita ere erreserba daitezke.

Aingura: aurtengo berrikuntza

«Festa gastronomikoak eta azoka bereziak etengabe berritzea da gure erronka, etengabe gaztetzea», dio Letamendiak. Horrela, aurtengo Bisiguaren Festak nobedade azpimarragarri bat izango du Zerkausian: Aingura gunea.
Txuletaren Festan Zizka-Mizka gunearekin egin bezala, udalak eta Txinparta elkarteak Zerkausiaren alde bati taberna itxura emango diote, itsasoko kresala dastamenaren bitartez sentitu nahi dutenentzat. Horrela, Pulpalia talde galiziarrak olagarroa, otarrainxkak, zamburiñak, txibiak, muskuiluak eta txipiroiak prestatuko dituzte. Galiziako jakiekin batera, noski, Alvariño eta Ribeiro ardoak dastatzeko aukera ere izango da.

Estilo eta zapore propioa

«Orio aitzindari izan zen bisigua parrilan erretzen», Joxe Migel Zendoiaren arabera. Horregatik, eta arraina egiteko modu berezituagatik, Orio estiloa marka bilakatu da euskal sukaldaritzan.
Finean, bisigua parrilan gainerako herrietan baino denbora gehiagoz edukitzea da gakoa: «Bisiguaren %95 erretzen dugu, eta ez dugu tresnarik erabiltzen: arraina zuzenean jartzen dugu parrila gainean». Parrilaz gain, noski, lehengaiaren kalitatea ere ezinbestekoa dela azpimarratu du Zendoiak, bestelako trikimailuren bat ematearekin batera: «Gatza bota behar zaio, eta alde bakoitzean 10 bat minutu eduki, bisigua gorritu arte. Sekretua barrutik gutxi eginda ateratzea da. Gero, bisigua erdibitu, eta baratxuri, olio eta piperminarekin zartaginean egindako frijitua botatzen diogu bisiguari, ozpin pixka batekin. ».
Guztia esana dago, beraz, eta egutegia ekaineko lehen asteburua iristea baino ez da falta, Tolosak itsasertzerainoko zubiak sendotzen jarrai dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!