Asteburu Kultural biribila Bedaion

Ataria 2017ko maiatzaren 25a

Solasaldia eta haurren eguna izan dituzte Bedaion, eta gustura agertu dira Artubi elkartetik ekitaldiak nola joan diren ikusita.

Leire Agirrezabala korrikalari ohi ibartarrak eta Jokin Etxeberria segalariak jorratzen dituzten kirolei buruz solasaldian ibili ziren larunbatean Artubi elkartean bildu zen jendearen aurrean. Giro ederrean afaria eta mus txapelketa azkarrarekin bukatu zen eguna.
 
Igandean berriz mendi ibilaldi batekin eman zioten ekitaldiei hasiera bedaiotarrek haurren egunari. Bedaioko PR ibilbidean zehar ibili ziren egun bikainean, eta Zaraten bazkaldu ondoren Bedaioko frontoi inguruko paretan mural polita burutu zuten ingurua apainduz. Ondoren, elkartean, txokolatezko hainbat postre egiten bukatu zuten umeek eguna.
 
Ekainaren hasieran, bestalde, ekintza garrantzitsuak daude Bedaion. Ekainak 1ean Harri jaia izango dute, urtez urtez Bedaion burutzen den jai garrantzitsua usadioari jarraituz.
 
Bestalde ekainaren 4eanegingo den XI. Bedaioko Mendi Martxa izen ematea irekita dago www.bedaio.com helbidean. Iaz bezala, aurten familiei eta bereziki 8-10 urtetik gorakoei bideraturiko ibilbide bat prestatu dute, "Tolosako gune berde paregabea ezagutzeko aukera izateko, zelai, pagadi eta mendia, Aralarreko sarrera puntu honetan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!