Zumardiako piragua gunea zabalduko dute datozen egunetan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 24a, 09:57
La Selva espazioan atontze lanak egiten aritu dira azken asteotan. TOLOSALDEKO ATARIA

La Selva espazioa utzi dio udalak elkarteari, eta aldagela eta materiala uzteko biltegia jarri dituzte.

Hurrengo pausoa emateko prest dago Zumardia elkartea. Tolosako Udalak La Selva izeneko espazioa utzi die, eta bertan piragua gunea atondu dute. Kondeaneko Aldapa kalearen hasieran dago, Zumardi Handiaren parean eta Oria ibaiaren ondoan, eta datozen egunetan zabalduko dute.

Gune horretan piraguak uzteko lekua izateaz gain, aldagela bat eta biltegi bat egokitu berri dituzte, eta lurrean egurra jarri dute. Zumardia elkarteko bazkideek azpiegiturak eta piragua erabiltzeko aukera doan izango dute. Bazkide izan gabe ere erabili ahalko da, alokairua ordainduz. Bestalde, Zumardia Handiaren hasieran, bizikleta tailerra izango den beste etxola bat jarri dute.

Gune horiek prestatzeaz gain, udari begira hainbat egitasmo eta ikastaro prestatzen ari dira Zumardiatik. Hain justu, eskola kirolaren barruan, kirol multzoan, hainbat jarduera txertatu dira aurten ere, iazko esperientziari jarraipena emanez.

Bestalde, aurten ere mendi bizikletaren inguruan zenbait ikastaro antolatzen ari dira. Bizikletaren inguruan beste egitasmo bat ere badute, bide gorriarekin lotuta. Kike Zinkunegi Zumardiako kideak azaldu duenez, ikastaro bat prestatzen ari dira «errepidean bizikletan seguru sentitzen ez direnei zuzendua. Bide gorria erabiliz eta ditugun medioak erabiliz, berriro bizikleta erabiltzea sustatzea da helburua». Horrez gain mendi irteerak ere proposatu nahi dituzte, eta buruan dute udalekuren bat egitea.

Hainbat ikastaro Tolosako Udalak bideratzen duen udako kanpainaren barruan txertatuta izango dira. Bestalde, aukera ere izango da ikastaroak nahieran antolatzeko. «Talde bat bilduz gero, ikastaro bat antolatu ahalko da, adibidez piragua erabiltzen ikasteko», azaldu du Zinkunegik.

Zumardia elkartearen helburua naturarekin lotura duten kirolak sustatzea da eta iaz hasi ziren bere jardunarekin. Lehenengo egitasmoa eskola kirolarena izan zen. «Oso esperientzia ona izan zen», esan du Zinkunegik. «Eromen puntu bat izan zen dena antolatzea, baina eskola kiroleko koordinatzaile eta begiraleekin aritu ginen elkarlanean, eta hori izan da aurten egiten ari garen egitasmoaren oinarria».

Iazko udan ere antolatu zuten udako kanpaina eta, esaterako, haurrentzako piraguismoko hastapen ikastaroa egin zen eta mendi bizikletarekin lotutako ikastaroak. Ikasturtean zehar, monoziklo ikastaro bat ere antolatu zuten, eta familientzako iraupen eskiko ikastaroa ere burutu zuten, azken honetan 100 pertsona aritu zirelarik. «Dena pixkana egiten ari gara auzolanean, eta erantzuna oso ona izatean ari da», dio Zinkunegik. «Gure baliabideak ikusita, pozik gaude aurrera begira egiten ari garen proposamenekin».

Zumardia elkarteko bazkide izateko aukeraren berri edo aurrera begira egingo den eskaintzaren berri izateko 688 72 62 13 zenbakira deitu edota infozumardia.eus helbidera idatzi daiteke. Aurki martxan egongo da informazio guztia www.zumardia.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!