Eraberritutako bost etxebizitza huts alokairuan eskainiko ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 22a, 12:40

Ekainaren 15era bitarte izena emateko aukera izango da, etxebizitza horietan bizi ahal izateko; hilean 265 eta 500 euro arteko alokairua ezarriko dute.

Tolosako Udalak 270.000 euroko inbertsioa egin du, hutsik zeuden bost etxebizitza berritu eta alokairuan jartzeko egokitzen. Elkano kalean, Korreo kalean, Rondilla kalean eta Euskal Herria plazan daude higiezinak, eta herritarren esku jarriko dituzte, alokairuan.

Etxebizitza hutsei erabilera emateko udalak duela lau urte abiarazitako egitasmoaren fruitua da honakoa. Horrela, udalak eskumena izango du etxebizitza horiek alokairuan eskaintzeko, eraberritze obren inbertsioa berreskuratu bitarte; behin zenbateko hori berreskuratutakoan, udalak jabeari itzuliko dio etxebizitza.

Datorren ekaiaren 15era bitarte, bost etxe horietako batean bizi ahal izateko izen-ematea zabalik izango da. Udatera bertaratu beharko da horretarako, Tolosako Udaleko Erregistrora, eta bertan bete beharko dira eskera orria eta bestelako datuak.

Etxebizitza bakoitzaren neurri, baldintza eta ezaugarrien arabera, alokairuaren prezioa ere aldatu egingo da, baina hilean 265 eta 500 euro artean ezarri dituzte prezioak. Prozesuaren inguruan informazioa eskuratu edo zalantzak argitzeko, Tolosako Udaleko etxebizitza zerbitzuarekin harremanetan hartzeko aukera eskaini dute, 943 69 74 91 telefonora deituta, edo etxebizitzak@tolosa.eus helbidera idatzita.

 

Etxebizitzen ezaugarriak:

ELKANO 14, 3.EZKERRA
56,44 metro karratu (sukaldea, bainugela, egongela eta bi logela), 338,64 euro hilean.

KORREO 52, 3.EZKERRA
94 metro karratu (sukaldea, bi bainu gela, egongela eta hiru logela), 500 euro hilean.

EUSKAL HERRIA 6, 2.EZKERRA
52,70 metro karratu (sukalde-egongela, bainugela eta bi logela), 300,60 euro hilean.

EUSKAL HERRIA 6, 4.ERDI-EZKERRA
41,21 metro karratu (sukalde-egongela, bainugela eta bi logela), 265,60 euro hilean.

RONDILLA 16,4. EZKERRA
63,13 metro karratu (sukalde-egongela, bainugela eta bi logela), 443,04 euro hilean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!