Elosegi parkeko hegaztien migrazioak jarraitzeko hitzordua, igandean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 22a, 11:57
Juantxo Agirre Mauleon eta Patxi Amantegi, hegaztiak sailkatu eta erregistratzeko erabiltzen dituzten eraztunekin.

Hegaztiak eraztuntzeko tailerra eskainiko du, Aranzadi zientzia elkarteak, Tolosako Udalarekin elkarlanean; igandean izango da, 09:00etatik 13:30era bitarte, doan.

Elosegi parkeko biodibertsitatea ezagutu eta herritarrak ornitologiara gerturatzeko asmoz, tailerra izango da, igande goizean, familiei begira: hegaztiak eraztuntzeko tailerra. Aranzadi zientzia elkarteko ornitologo taldea izango da ikastaroa eskaintzearen arduraduna, eta parkeko hegaztiak hartu, zenbakitu eta jarraipena egitea ahalbidetuko du egitasmoak.

Patxi Amantegi Tolosako ingurumen zinegotzia eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi zientzia elkarteko lehendakaria izan dira agerraldian, eta biek azpimarratu dute hitzorduaren berezitasuna: "Tolosar gehienentzat gauza berria izango da hegaztiak eraztuntzen ikustea, eta jendea deitu nahi dugu parte hartzera", azaldu du Amantegik.

Lehen bi orduetan, hegaztiei eraztunak jarriko dizkiete: "Horretarako, sare japoniarrak jarriko ditugu parkean barrean, hegaztiak horra eror daitezen. Ornitologoek hegaztiak hartuko dituzte, eta luzera, pisua, espeziea nahiz sexua identifikatu eta gero, zenbakia jarriko diete", azaldu du Agirre Mauleonek.

Jardun mugatua da hegaztiak eraztuntzearena, noski, eta baimen berezia behar da horretarako. Estatuan, esaterako, ministerioak eta Aranzadi zientzia elkarteak baino ez dute, horretarako eskumena.

Bide horretan, hegaztiak eraztuntzeak ikerketa zientifikoak aurrera eramatea ahalbidetzen du, haien migrazio eta mugimendu guztiak jarraitzeko aukera eskaintzen baitut sistemak. Hegazti bakoitzaren zenbakia eta datuak datu base batean txertatzen dituzte, eta bertan Europa osoko hegazti eraztunduen mugimenduak erregistratzen dira, Juantxo Agirre Mauleonek zehaztu duenez: "Espainian, urtean 250.000 hegazti ikertzen dituzte ornitologoek, eta gure nahia da Gipuzkoa barnealdean eraztuntze prozesu sakon bati ekitea. Elosegi parkeko biodibertsitatea oso interesgarria da horretan hasteko".

Parkea herriari

Igandeko hitzordua lehen pausoa izango da, Tolosako Udalak esku artean duen proiektu bati ekiteko. Izan ere, ekainaren 6tik aurrera herri-biodibertsitatearen inguruko egitaraua martxan jarriko dute. Beste eraztuntze tailer batekin batera, 5 habia-kutxa ezarriko dituzte Elosegi parkean, eta gidaliburu bat ere argitaratuko dute; halaber, hegaztiei argazkiak ateratzeko ikastaro bat ere prestatu dute.

Azken urteotan inbertsio handia izan da, Tolosako Udalarentzat, Elosegi parkea herritarrentzat zabaldu ahal izatea: desjabetze prozesua izan zen lehenik, eta egokitze lanak, orain. Horrela, Patxi Amantegik azaldu du, apirilean onartutako kreditu aldaketarekin, Elosegi parkeko obrak behin betiko bukatu, eta natur gunea "oso epe motzean herritarrei zabaltzeko moduan" izango dela udala. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!