Gurutzea ukitu eta behera

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 20a, 18:20

Arkaute etxearen atarian egin dute aurkezpena, hantxe atondu baitute auzo elkartearen egoitza.

Uzturrera lasterketak bigarrenez hartuko du Larramendi auzoa, datorren ekainaren 10ean.

Larramendi auzo elkarteak bigarrenez antolatu du, Uzturrera lasterketa. Ekainaren 10ean izango da, eta egun osoko jaia prestatu dute, kirol hitzorduaren aitzakian.

10:00etan ekingo diote egunari, Uzturrera mendi martxarekin. Tontorrera lasai igo nahi dutenen unea izango da, eta lasterketako parte hartzaileei animoak emateko aukera izango dute, gainera. Ordu berean, lasterketarako izen-ematea zabalduko dute Larramendiko plazan bertan. 5 euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak, eta zozketarako zenbaki bat, pintxo-potea eta opari bana izango dute.

Iazko estreinaldia izan zuten, eta 50 pertsona inguruk parte hartu zuten, Unai Ugartemendia antolatzaileak azaldu duenez: "Gustura gaude, lehen aldia izateko oso ondo atera baitzen. Gainera, auzo lasterketa bat da eta ezin dugu beste hainbat probaren parean jarri. Ea aurten ere jendea animatzen den".

Probari dagokionez, Ugartemendiak "lasterketa gogorra" dela azpimarratu du: "Auzotik abiatu eta gurutzea ukitu bitarte, 4,5 kilometroko bidea dago, maldan gora; 500 metroko desnibela du, eta oso gogorra da".

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, larramendiauzoelkartea@gmail.com helbidea eskuragarri izango du.

Aterpe berritua

Lasterketaren egun berean, Larramendi auzo elkartearen egoitza berritua inauguratuko dute bizilagunek. Miguel Salasek azaldu duenez, "udalak konpromisoa hartu du, eta Arkaute etxeko beheko solairua margotu eta txukuntzen lagundu digu". Auzotarrak "pozik" daude aldaketarekin, eta bazkari-legea egingo dute, beraz, datorren ekainaren 10ean, ospatzeko.

 

EGITARAUA:

10:00. Uzturrera mendi martxa, eta lasterketarako izen-ematea.

11:00. Uzturrera lasterketa. Bukatutakoan, parte hartzaile bakoitzak oparia,  pintxo potea eta zozketarako zenbaki bana izango du.

12:00. Sari banaketa.

12:00-14:00. Auzo elkarteko lokal berrituaren inaugurazioa. Parrillada, haur jolasak eta musika izango dira.

13:00. Zozketa: arkume bat eta afari bat bi pertsonarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!