Eta liliek Tolosa ere amets

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko maiatzaren 20a

Berdura plazara itzuli da, gaur, hainbat urte eta gero, Lore eta Landare azoka; lili, lore, hosto eta barazkien gorazarrerako goiza izan da gaurkoa.

Berdura plazan larunbatero postua jartzen duten ekoizleei keinu bat egin, eta Lore eta Landare azoka berezia bere sorburura itzultzeko asmoz, Tolosako Udalak Alde Zaharraren bihotza lorez josi du, gaur. Betiko mintegiekin batera, hitzordurako bertaratu direnak ere elkartu dira, eta plaza udaberriz bor-bor izan da, eguerdira bitarte.

Giro hori are gehiago loratzeko, gainera, beren aletxoa jarri dute Kale Nagusiko edo Artekaleko merkatariek: kartulinazko lore erraldoiz apaindu dituzte denda atariak, kalea azokaren adar bilakatuz.

Goiz erdian, gainera, lorategi efimeroa inauguratu dute, Gernikako Arbolaren lorategietan. Olatz Peon Tolosako alkatea, Nerea Letamendia azoka eta turismo zinegotzia eta Iñigo Azpiazu lorategi diseinatzailea izan dira ekitaldian, eta alboan izan dituzte Tolosako buruhandiak; egun berezia izan da, haientzat ere. Urrira bitarte lorategi efimeroaz eta haren kolore aldaketez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Eta, ez landareez bakarrik: kulturari eta ingurumenari loturiko esaldi eta aipuekin osatu du, Azpiazuk, obra.

Udaberritik udarako zubia kolorez janzteko zitan, zuria aukeratu du udalak, larunbat biribila osatuz: moda desfilea izango da iluntzean, Berdura plazan bertan, eta Gernikako Arbolan hasitakoa, han amaituko da, Gaur Zuriaren eskutik. Lili bat hartu, hostoz hosto erantzi eta amets egiteko eguna da, gaur, Tolosan.

Erlazionatuak

Tolosa Zuria Loretan, egitaraua

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 12 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!