Usabal industrigunea berritzeko diagnosia egingo du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko maiatzaren 19a

SPRIk eta udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, "industrialdea gaur egungo beharrizanetara egokitzeko".

124.000 metro karratu ditu Tolosako Usabal industrialdeak, eta 62 enpresak dute, bertan, egoitza; enpresa txiki eta ertainak dira nagusi. Errealitate hori abiapuntutzat hartu, eta Usabal industrialdea aztertuko du Tolosako Udalak, haren indarguneei etekina atera eta gaur egungo beharrei erantzuteko. Horretarako, SPRILURekin hitzarmena sinatu berri du, azterketa teknikoa nahiz ekonomikoa eta kudeaketa gauzatzeko.

Hiru zatitan banatuko dute diagnosia, eta jarraipen batzordea arduratuko da garapen egokiaz. Horrela, lehenik, Usabalgo enpresak eta haien jarduerak aztertuko dituzte, hainbat ikuspuntutatik: jarduera, azpiegituren egoera, industrialdea egokitzeko behar diren azpiegiturak eta enpresek beharko luketen laguntza.

Behin diagnosia egindakoan, Usabal industrialdeak beharko lituzkeen aldaketak egiteko inbertsio proposamena aurkeztuko dute eta, azkenik, lehentasunezko inbertsio horiek aurrera eramateko tramiteak egingo dituzte: Industrialdea Kudeatzeko Gobernantza sustatuko dute, "industrialdea modernizatu eta egoki mantentzeko".

SPRILURekin sinaturiko hitzarmenaren haritik, Olatz Peon Tolosako alkateak "lankidetza publiko-pribatua" nabarmendu du, elkarlana balioan jarriz: "Erakunde publikook lurzorua prestatzen dugu, eta enpresek erabiltzen dute berek ongarritutako lurra. Ideiak proiektu bilakatzen dira, beraz, eta lan horrek eragin positiboa du gizartean".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!