Haur askoren ilusioa piztuko du konpartsak datozen hilabeteetan. Lehendik ere, konpartsak ferialekuan duen gunera ehunka haur bertaratu badira, "gehiago espero dituztela" dio Iñaki Moyua buruhandi eta erraldoien egileak. Orain arte, ikastetxe ezberdinetatik, "700 ikasle inguru etorri zaizkigu, kalean urrutitik ikusten dituzten pertsonaiak bertatik bertara ezagutzeko aitzakiarekin".
Aurrerantzean, eskualde mailan ez ezik, eskualde eta probintzia mailako ikastetxetako haurrengana heldu nahi dute, Buruhandi eta Erraldoien Etxea izeneko proiektua aurrera eramateko helburuarekin. Hori dela eta, “hemen daukagun gune eraberritua hobetzeko asmotan gabiltza”, aitortu du berak. Baina hori ez da aurtengo berrikuntza bakarra. Oraingoan, erraldoien itxura bera duten panpin txikiak egin dituzte, eta bihar izango da aurkezpen ofiziala Tolosako kaleetan.
Eskala txikiagoan egin berri diren figurak, gomazkoak dira. “Domenjon eta Ilehoria bezala ezaguna den Catalina erraldoien erreplikak" direla azaltzen du Moyuak. Iruñeko Olentzero enpresak eginak dira, eta horien salmentarekin lortutako diruaren zati bat, Adano izena duen Nafarroako haur minbizidunen elkartearentzat izango da, “elkartasuna adierazteko modu polit bat dela iruditzen zait”, dio.
600. Hori da konpartsak herritarren eskura salgai jarri dituen panpinen kopurua, 300 erraldoi bakoitzeko. Hauen prezioa 12,95 eurokoa izango da. “Binaka erosi nahi dituenak, 25 euro ordaindu beharko ditu”. Guztiak ere, salgai jarriko dira, bihartik aurrera, honako denda hauetan: Xirimiri kafetegia, Gozona okindegia, Edel liburu denda, eta Amets jostailu denda.
Bestetik, Moyuak berak eskuz margotutako 25 figura gehiago ere aurkeztuko dituzte. Hauek gainera, marmolezkoak dira, material gogorragokoak, eta hauen prezioa, 80 eurotara igotzen da. “Oraindik birenak bakarrik egin baditut ere, gainerako erraldoi eta buruhandienak egitea pentsatzen dut”.
Baina hau ez da guztia. Eta bada berritu duten beste elementu bat. Lehenago sortutako Goazen margotzera liburuxka oinarri hartu, eta orain, Goazen jolastera sortu dute. “16 orrialde izatetik 32 izatera pasa da, eta hemen, erraldoi eta buruhandiez gain, dultzaina nahiz danborra margotzeko aukera dute haurrek”. Horrez gain, pertsonaia bakoitzaren euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko azalpenak, eta denbora-pasa ugari ditu, hezteko asmoz egindakoak denak, eta Herrikide ikastetxean hastapena izan zuten ariketekin osatuak.