Norabide bakarreko gozamena

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 21a, 11:48

Box.A Arte Elkarteak antolatutako erakusketa da El hombre y el arte de amar. Tolosako Aranburu jauregian dago ikusgai eta izen bereko liburuan du oinarri.

El hombre y el arte de amar. Plenitud y armonía sexual en el matrimonio Lionel Grendon medikuak 1969. urtean idatzitako liburua da. Liburua baino, gida ere esan daiteke. Hainbat kapitulutan banatuta, gizonezkoei emakumezkoak sexualki gogobetetzeko eman beharreko pausoen berri ematen baitie. Beharbada, bere garaian aurrerakoia ere izango zen sexuaz modu horretara hitz egitea, baina zorionez, gizartea beste abiadura batean joan da, eta gaur egun, sexua ezkondutako bikote heterosexual bati bakarrik lotzea, eta are gehiago, gizonezkoa eta emakumea aktibo eta pasiboaren artean banatzea, «broma» ere badirudi. «Niri liburuak grazia eman zidan, ez du gaur egun ematen diren sexu jolasekin bat ere zerikusirik. Gizonezkoak dena egiten du, berak ematen dio plazera emakumeari», esan du erakusketan parte hartu duen sortzaileetako batek, Ibai Luquek.

Erakusketak 13 lan biltzen ditu, Box.Ako kide eta kide ohiak dira guztiak. Susana Segurola, Kristoren Gorputza kolektiboa osatzen duten Ibai Luque eta Vanessa Alzate, Garikoitz C. Murua, Kizkitza Lasa Aguirre, Joseba Mercader, Alexander Arocena, Lurgi Zalakain Urkola eta Javi Palomares dira sortzaileak. Guztiek izan dute aipatu liburua abiapuntu. «Liburua Box.An azaldu zen, ez dakigu nola iritsi zen hara, baina hortxe zegoen. Azalak, gaiak, kontakizunak... atentzioa eman zigun. Gure artean zozketa egin eta bakoitzak kapitulu bat hartu zuen», esan du Luquek.

Bakoitzak hortaz, sexualitateari buruz hitz egiteko aukera izan du ekainaren 3a arte ikusi daitekeen erakusketan. Lanak askotarikoak dira, bakoitzak sexualitatea eta sexua ulertzeko duen motaren arabera. Kritika egin dute batzuek, kontakizuna beste batzuek, bada aukera jolasteko baliatu duenik ere. Abiapuntu bakarra eta irakurketa anitzak. Hori da Aranburun bildu dutena. Gaian gehiago sakondu nahi dutenek, gainera, badute aukera, ostegunero 19:00etatik aurrera bisita gidatuak egiten baitituzte.

Sortzaile bakoitzak lan bakarra egin du, Kristoren Gorputzak eta Alex Arozenak izan ezik, lehenengoek hiru lan egin dituzte eta ibartarrak bi. Lan guztiek dute ikuspuntu berezi eta propioa, baina erakusketa berezi honek badu nortasun propioa, izan ere, erakusleiho soila baino harago doa. «Hiru dimentsioko instalazioak dira guztiak», esan du tolosarrak.

Ikusleak beraz, ikusteko baino askoz gehiagorako bidea du Aranburun; sartu, ikusi, esperimentatu eta hausnartzeko aukera zabala izango du. «Gogoetarako bidea ematen duen erakusketa da», esan du Luquek.




Kizkitza Lasa Aguirre.
Ezeztatzea.

«Ez nator bat Ondorio psikologikoak izeneko 11. kapituluko azalpenekin, ez ditut onartzen ere. Horren aurrean gauza bakarra egin dezaket, idatzia ezeztatzea protesta moduan eta pertsonen sexualitateari buruzko jarrera-pentsamendu arkaikoen aurreko nire asperraldia azaldu. Era berean, hezkuntza modu manipulatu eta interesatuekin nazkatuta nagoela adierazi nahi izan dut».

 

 

 

Lurgi Zalakain Urkola.
Orgasmoterapia.

«Egokitutako kapituluko esaldi batetik abiatu nintzen: jakina da emakumezkoen gehiengoak, orgasmoa behar dutela oreka fisiko eta mentala mantentzeko. Egia esan liburuaren testuinguru patriarkalak ez zidan gehiegi inspiratu, baina ideia horri buelta ematen hasi nintzen eta nire lanarekin sexua-orgasmoa binomioa hautsi nahi izan dut. Generoa kendu nahi izan diot sexuari eta instalazio-terapia ireki bat egin nahi izan dut. Bakoitzak atera ditzala ondorioak, eta bizi dezala sexua nahi duen bezala».

 

 

Kristoren Gorputza.
Teknika mesedegarriak amodioan, Askatasun sexualerako airea eta Badira.

Hiru kapituluek kritika eta hausnarketa egiteko aukera ematen zutela ikusi genuen. Oso liberalak garela uste dugu, baina ez gara horren liberalak. Teknika mesedegarriak amodioan lana medikuak sexu harremanetarako emandako puntuz puntuko batetik atera dugu. Ia matematikoki azaltzen du nola egin emakumezkoari plazera sentitu arazteko. Guk «arau» guzti horiek hartu eta erruleta batean jarri ditugu, jolasteko aukera ematen omen dute «arau» horiek, bada jolas dezagun. Ondoan ohe bat dago, jolaserako produktuekin. Gaiarekin arinkeriaz jokatu nahi izan dugu. Ahalduntzea ere landu nahi izan dugu, emakumezkoak gozatzeko gizonezkoaren beharra al du? Askatasuna eman nahi izan diegu emakumeei, askatasun sexualerako pilulak emanda. Badiran liburuan emakumezkoak sailkatzeko erabiltzen duen irizpideari buelta eman nahi izan diogu, emakume asko daude, badaude, liburuan ateratzen direnez harago.

 

 

 

 

Joseba Mercader.
Tensión e intensidad erótica.

«Emakumearen eta gizonaren arteko tentsioaz hitz egiten dut. Tentsio hori gomen bidez irudikatu dut, bi gizakiak puntu jakinetan lotu ditut goma horiekin. Gorputzetatik ateratzen diren gomak simetrikoa ez den bihotz batean elkartzen dira, bakoitzak ematen eta jasotzen duen maitasuna ez baita orekatua. Gomek sortzen duten muga hori gainditzera gonbidatzen ditut ikusleak eta eztabaida bat planteatu: Bihotza eta burua? Edo burua eta bihotza?».

 

Garikoitz C. Murua.
Ziklo sexualaren lau faseak.

«José Antonio Marina filosofoaren La sexualidad y la ética idatzia dago nire lanaren muinean. Marinak dio kulturak moldatzen duela herri batek sexuari eta sexualitateari buruz adierazten duena. Gizarte mailako pertzepzio horiek sexuaren inguruko estereotipoak sortzen dituzte, egiazkoak eta ez egiazkoak, eta horietako batzuek arazoak sortu ahal dituzte. Zailtasun horietarako irtenbidea etikan egon liteke. Etika hezkuntzak zoriontsuago izaten lagundu ahal digu eta orokorrean, elkarrekin bizitzen lagundu ahal digu, baita sexualitateari dagokionez ere».

 

Javi Palomares.
Nunca te cases con extraños.

«Bi harreman motaren inguruko hausnarketa egin dut: ohiko-klasikoa eta noizbehinkako askea. Muturrak borobilean idatzitako Vivan los novios leloak definitzen ditu eta arrozarekin egindako alfonbra baten gainean daude. Mass-mediak eta sare sozialek osatzen duten miasma bat jarri dut ondoan, ikonoen parean dauden botila hutsen hotsen akuilu moduan».

 

 



Susana Segurola. Oinazearen intimitatea.

«Emakumearen bizitzako etapak islatu nahi izan ditut. Bost etapa aukeratu eta hiru dimentsiotan hainbat elementu aukeratu ditut, karga eta esanahi desberdina emateko eszena bakoitzari».

 

 

 

 

 



Alexander Arocena. Sexo Saludable eta Fisiología y psicología de los genitales.




«Sexo Saludable instalazioan, liburuko atal bateko estrofa batek dion bezala sexua praktikatzea osasuntsua dela erakutsi nahi da. Honetarako sexu-sofa bat jarri dut, gimnasioko ariketa makina moduan jartzen da eta paretan gorputzeko atal bakoitza lantzeko beharrezko diren ariketen (postura sexualak) argazkiak ikusi daitezke. Fisiología y Psicología de los genitales triptikoan  hiru collage daude, kartulina zuri, gorri eta beltzean, non egoera ezberdinak ageri diren, organo sexual eta egoera ezberdinak kolore bakoitzarekin goraipatuz... Zakil beltz-izugarri bat, alu zuri-txiki eta birginal baten aurrean, egiera mingarria-gorriz eta abar. Hala ere, ikuslearen interpretazioa garrantzitsua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!