Maila altuko lau igoera

Asier Imaz 2017ko maiatzaren 18a

Realari liga irabazi dion Tolosa CF-ren kadeteen taldea. ATARIA

Tolosa CF-ko kadeteek ohorezko mailako finala 0-1 irabazi diote Realari; Euskal Ligan jokatuko dute hurrengo denboraldia.

Tolosa CF-ren lehen taldea maila galtzeko arriskuan dago. Harrobia, aldiz, oso indartsu dator. Lau taldek mailaz igotzea lortu dute behin denboraldia amaituta.

Euskal Ligako jubenilek denboraldia bigarren postuan amaitu dute. Emaitza horiei esker, hurrengo denboraldia nazio mailako ligan jokatuko dute; Athletic B edo Reala B bezalako aurkariak izango dituzte hurrengo urtean. Aldi berean, lehen mailako jubenilek ere mailaz igotzea lortu dute eta 2017/18 denboraldia Gipuzkoako ohorezko mailan jokatuko dute.

Kadeteei dagokienez, iragan larunbatean ohorezko mailako liga bereganatu zuten Realaren aurkako finala 0-1 irabazita. Euskal Ligako taldea izango da, beraz, hurrengo denboraldian. Aurkariei begiratuta, Reala, Athletic, Antiguoko, Eibar edo Alaves bezalako taldeak izango dituzte aurkari.

Azkenik, lehen mailako kadeteek ere mailaz igotzea lortu dute, igoera fasea lehen postuan amaitu ondoren. Jauzi honi esker, denboraldi berria ohorezko mailan hasiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!