Mitoa eta errelatoa: kontaezina kontatuz mahai inguruak hartuko du gaur, Topic, 19:00etatik aurrera. Bizikidetza Foroak antolatu du hitzordua elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzeko egiten ari diren lanaren barruan.
Bizikidetza Foroa 12 kidek osatzen dute eta horietako bi dira Arantxa Izagirre eta Martin Agirrezabala. Bizikidetzaren erronkei euren «ekarpenak» egiteko Aitziber Blanco dinamizatzailearen laguntza izaten dute. Hilean behin elkartzen dira eta momentuz bi dinamika dituzte abian; «talde barruko hausnarketa edo errelatoa osatzea eta gizartera irekitako ekintzak egitea. Gure metodologia elkarrizketa da, joko arau partekatuak ditugu, eta tokia, esparrua eta prozesua zaintzen ditugu».
Zergatik sortu zenuten Bizikidetza Foroa?
Arantxa Izagirre: Foroak 2012an hartu zuen gaur egun duen itxura. Gaur egun foroko kide diren batzuk Lokarriko kideak ziren eta beraiek hasi ziren bizikidetzaren inguruan hitz egiteko biltzen. Momentu jakin batean foroa zabaldu behar zela edo bestela bukatuko zela ikusi zuten, eta orduan erabaki zuten saiakera berri bat egitea. Jende gehiago batu zuten proiektura, tartean ni. Gaur egun Foroan 12 kide gara, ez gaude orekatuta generoari dagokionez, gizonezkoak gehiago dira, 9, baina saiatzen gara gure ahotsa entzunarazten.
Eta nola egiten duzue lan?
A. I.: Hasiera hartan iruditu zitzaigun deialdi ireki bat eginez gero, ez genuela aurrera pausorik emango. Gaur egun talde itxia gara, baina beharbada iritsiko da momentua non ireki beharko garen, orduan erabakiko dugu zer egin. Elkarrizketa da gure metodologia, hitz egitea eta eztabaidatzea.
Forokide izateko gonbita jasotzerakoan, ekarpenak egiteko aukera ikusi zenuten, hortaz.
A. I.: Denok dugu zerbait esateko, azkenean bizitzaren esperientziak ditugu denok. Ez da ezer berezirik behar. Hasieran talde anitza osatzea bilatu zen eta hasi gara martxan. Argi dugu bidea ibiltzen egiten dela eta hori egiten dugu, ibili.
Aitziber Blanco: Norbanako bezala hartzen dute parte eta ez da ezaugarri berezirik behar partaide izateko, baina egia da ere ibilian konturatu garela konpromiso handia eskatzen duela. Eskuzabala izateko eta irekia izateko konpromisoa erakutsi dute.
M. A.: Irekitzeari buruz hitz egin izan dugu, baina ibilbide bat egina dugu eta ez da erraza kanpotik etorri eta martxa hartzea, dinamikan sartzea.
A. I.: Konfiantza sortu da gure artean eta elkarri entzuteko eta hausnartzeko pausoak eman ditugu, konfiantza eta zilegitasun dinamika dugu eta ez dugu hori kanpotik etorriko den norbaitek hausterik nahi.
A. B.: Horrelako dinamikek hori dute, egiten denaz aparte, badela ere abian jarritako prozesu bat, pertsona berriek lanketa hori egin beharko lukete. Kanpoan ematen diren talka horiez aparteko dinamika bat sortzea da gure nahia, elkar ulertzea bideratu ahal izateko.
Zein testuingurutan sortu zen Bizikidetza Foroa?
A. I.: Ni neu Lokarrin nengoen eta bakegintza eta bizikidetza eraikitzeko testuingurua ematen zen. ETAren indarkeria bukatuta zegoen, alderdi guztiak legeztatuta zeuden... lasaitasun giroa zegoen horrelako gauzez hitz egiteko.
M. A.: Niretzat ETAk su etena aurkeztu izanak osatzen zuen testuingurua. Aurreko testuinguruan eztabaida hau ematea ezinezkoa ikusten nuen.
A. I.: Gure foroak hori jartzen du hain justu, mahai gainean. Iritzi desberdinak daude eta erakusten duguna da hitz egin daitekeela, posible dela. Hori da garrantzitsuena. Dinamika aldatzea da gakoa, lehen modu batera ibiltzen ginen eta orain beste batera.
A. B.: Elkarrenganako ezjakintasun handia zegoen eta hortik estereotipo asko sortu dira, eta horrelako gune zaindu batek etiketa asko haustea bermatzen du. Horrek ez du esan nahi zu zarenari uko egitea, baina bai beste modu batera entzuteko tokian jartzea, bestea ulertu ahal izateko. Beste modu batera hitz egiten laguntzen du, horren erasokorra ez den modu batean, horrela besteei ulertarazi ahal diezu zergatik pentsatzen duzun pentsatzen duzuna. Helburua oso garrantzitsua da, elkarrizketari eta elkar ulertzeari eman behar diogu garrantzia, eta gizarte mailan ekarpen bat egin, foroak oso argi adierazten duen bezala.
Zein da dinamizatzailearen lana prozesu honetan guztian?
A. B.: Gaiak eurek planteatzen dituzte eta nire lana da prozesua zaintzea, gaiak lantzen eta kokatzen laguntzea... Aktak egiten ditut eta bertan aztergaiak zeintzuk izan diren eta etorkizunean landu beharreko gaiak zeintzuk izan daitezkeen jasotzen dut.
Zer esaten den eta nola esaten den da garrantzitsua, hori ere zainduko duzue.
A. I.: Badakigu esaten dugunak eragina eta oihartzuna izango dituela. Gai gatazkatsuak dira eta oso talde anitza osatzen dugunez, ikuspegi kontrajarriak ematen dira, hori, bere horretan, txarra ez bada ere. Gai delikatuak dira jorratzen ditugunak eta horregatik tentuz ibiltzen gara. Askotan katramilatzen gara, baina horrek ere zentzua du hitz egiten ari garen gaia kontuan hartuta. Gutaz hitz egiten ari gara, lehen pertsonan.
M. A.: Guztiak du eragina, horregatik zaintzen dugu ere darabilgun hizkuntza, hitzek garrantzia handia dute. Bakoitza mundu batetik dator eta horren araberako hitzak erabiltzen ditugu, baina zaindu beharra ditugu.
Kontraesanak izango dituzue.
A. I.: Kontraesanak onak dira, beharrezkoak, bestela denak berdinak izango ginateke, eta hori ez da ona. Desberdintasunetatik zerbait ikasi behar dugu. Iritziak kontrajarriak izatea aberasgarria da, kontua da jakin behar dugula entzuten eta gu entzutea lortu behar dugula.
Orain arte gure iritzia defendatze hutsean geratu izan garela esan izan duzue.
A. B.: Nik uste ez genekiela nola egin ere. Elkarrizketari buruz asko hitz egiten dugu, baina gure buruan dagoena da adostasun batera iritsi behar garela eta hori hautsi behar dugu. Elkarrizketa ez da bestea konbentzitzea, baizik eta konfiantza sortzea eta elkar ulertzea.
M. A.: Egun berean bakoitzak berea defendatzen jarraituko du, ez du gehiagorako emango, baina denboran zehar ideiak mugitzen joango dira. Denok eboluzionatzen dugu besteari entzunez gero, hori aberastasuna da.
Herritarrei zuen egitekoa iristen zaiela eta ulertzen dutela uste al duzue?
A. I.: Ez dakigu iristen den ala ez, saiatzen gara, baina ez dakigu. Ekintza publikoekin saiatzen gara eta itxaropentsu gaude. Elkarrizketa konplexu, mingarri eta zailetan sartzen lagundu nahi dugu.