Artista baten lekukoak

Ostiralean inauguratu eta ekainaren 10a bitarte zabalik egongo da Juanito Lope tolosarraren omenez irekitako erakusketa, Aranburu jauregian. Irekiera ofiziala baino lehen, ikasleei zuzendutako marrazki lehiaketako sariak banatu zituzten bertan.

"Tolosako bizitza sozial eta kulturalari egindako ekarpenagatik, Juanito Lope pertsona oso maitatua izan zen herri honetan". Mezu hori bota ondoren ireki zituen Olatz Peon alkateak, ostiralean, Loperen omenez egindako erakusketako ateak. Hori dela eta, udaletxearen izenean, eskerrak eman nahi izan zizkien "erakusketan parte hartu duten pertsona guztiei, bereziki, 'Juanito Loperen lagunak' taldea osatzen dutenei." Aurten, omenaldi ezberdinak egin zaizkio Loperi Tolosan, eta honakoa, beste "keinu txiki bat da" bere esanetan.

Aranburu jauregiaren beheko solairuan dago kokatuta erakusketa, eta Tolosako eskultore eta margolariaren lanak jasotzen ditu. Besteak beste, eskulturak, marrazkiak eta argazkiak daude ikusgai, baita Pablo Dendaluzek egindako bideo bat ere, bertako gela batean. Bideoak, Tolosako zenbait herritarren adierazpenak jasotzen ditu, Loperen bizitza eta ibilbide artistikoa laburtzen dituen bitartean.

Erakusketaren irekiera ostiralean egin bazen ere, Loperen lanak ikusi eta aztertzeko nahia duenak, hilabete eskaseko epea izango du aurretik, ekainaren 10a bitarte zabalik egongo baita publiko guztiarentzat. Erakusketa, 'Juanito Loperen lagunak' izeneko taldeak eraman du aurrera, eta hauek, aukera aprobetxatu nahi izan zuten, "erakusketako eskultura eta lan ezberdinak eman dituztenei eskerrak emateko", guztiak ez baitira Juanito Loperen lanak soilik.

Bide batez, Lope familiko kideei ere eskerrak eman nahi izan zizkien, "bereziki, Juan Ignacio, Justi eta Izaskuni, eta baita, erakusketa aurrera eramatea eta antolatzea posible egin duen Joseba Urretabizkaia lagunari ere." Erakusketa bi gelatan banatu dute, eta horietan, Juanito Lopek, bere familiakoen eta ezagunen afzioak haintzat hartuta egindako obra ugari ikus daitezke.

Baina, ostirala, ez zen soilik inaugurazio eguna izan. Bertan egin baitzen ikasleei zuzenduta antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa. Saridunak, bederatzi ikasle izan ziren: laugarren postuan, Herrikide ikastetxeko Maria Arrieta eta Naia Ugariz geratu ziren; hirugarren postuan, Itsaso Garaialde eta Maria Arsuaga sailkatu ziren, hauek ere Herrikide ikastetxeko ikasleak; bigarren tokia, berriz, Laskorain ikastolako Nahia Lopez eta Madi Gonzalezentzat izan zen; eta garaipena, eta ondorioz, lehen saria, Edurne Gabarain eta Igone Etxebesterentzat izan zen. Horiez gain, sari berezi bat ere banatu zuten, eta hori, Ander Insaustirentzat izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!