«Kezka bakarra etortzen da burura: 'Eta, oxigenorik gabe geratzen banaiz?'»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 17a, 07:55

Alaitz Zabala eta Haizea Urrestarazu urpekaritza ikasleak. ITZEA URKIZU

Urpekari profesional izateko zikloa amaitzear dira, Pasaian, lehen promozioan; itsasoarekin batere loturarik ez zuten lehen, eta itsasoa bizimodu bilakatu zaie orain.

Lehorretik itsasorako bidea hartu zuten, iaz, Haizea Urrestarazu eta Alaitz Zabala tolosarrek (1998). Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza ikastetxean Urpeko Eragiketetako eta Eragiketa Hiperbarikoetako Teknikari zikloa bukatzear dira, eta biak ala biak ere, itsasoarekin eta igeriketarekin sekula loturarik izan gabe heldu zioten errokari. Aitortu dute urpekaritzak mundu berri bat ireki diela.

Zer da zehazki urpekaritza profesionala?

Haizea Urrestarazu. Bi urpekaritza mota daude, aisiarako urpekaritza eta profesionala. Lehena ur azpiko mundua ezagutzeko modu bat da. Bigarrena, berriz, itsasontziak konpontzeko bide bata: soldatu, gauzak moztu,...

Nolatan erabaki zenuten ikaskera horiek egitea?

Alaitz Zabala. Ideia eskolan proposatu ziguten, aukeratzeko garaian. Nik aldaketa bat nahi nuen, eta neure buruari esan nion: «Zergatik ez aldatu?».

H.U. Bai, esperientzia berri bat izan zitekeela pentsatu genuen.

Ikasketa praktiko asko egingo duzue, ezta?

A.Z. Astean bitan uretara joaten gara eta hainbat ariketa lantzen ditugu. Soldatzea, beste batean itsasontziei helizeak aldatzea, itsasontziak ikuskatzea...

H.U. Baina irakasgai teorikoak ere baditugu, noski: nabigazioa, fisopatologia, uretan transmititu daitezkeen gaixotasunak, urpekaritzaren arriskuak, ...

Zein arrisku du urpekaritzak?

H.U. Sakoneraren araberakoa da. Zenbat eta metro gehiago jaitsi, orduan eta denbora gutxiago egon gaitezke urpean, eta ateratzeko geldialdiak egin behar dira, gorputza egokitzeko.

A.Z. Gu hiruzpalau orduz egoten gara, gehienez. Fisikoki oso nekagarria da ur azpian egotea.

Beldurrik sentitu zenuten hasieran?

A.Z. Bai, bai! Dena ezezaguna da eta kezka bakarra etortzen da burura: «Eta, oxigenorik gabe geratzen banaiz?». Baina denborarekin ohitu egiten da bat.

Zikloan sartu ahal izateko, garrantzitsua da fisikoki prestatzea?

H.U. Bai, matrikula egitearekin batera, zenbait froga gainditu behar dira, eta bada kanpoan geratzen denik.

A.Z. Course-navette izeneko proba egin behar da, batetik, lehorrean: horma batetik edo bestetik txistu soinua entzuten da, eta soinuaren aldera aldatu beharra dago norantza, korrika. Barra batean norbere pisuari heldu behar zaio beste ariketa batean, eta abdominalak eta esprintak ere egin behar dira. Eta, uretan, berriz, 25 metro egin behar dira ur azpitik, eta minutu bateko apnea egin behar da.

H.U. Eta, behin lanean hasitakoan, urtean behin mediku azterketa ezpezializatua pasatu behar izaten da.

Urpekari profesionalen lan bizitza ohiko baino laburragoa al da?

H.U. Badira erretiroa hartu arte horretan aritzen direnak.

A.Z. Normalean, adin batetik aurrera uretan sartzeari uzten diote, eta uretatik kanpo koordinazioaren ardura hartzen dute.

H.U. Bai, urak hainbat arazo sortzen baititu ikusmenean, bihotzean zein belarrian. Askotan esan digute, urpekaritzan aritzen diren gehienek entzumena galtzen dutela, presioagatik.

Erdi mailako ziklo honen ondoren, bada aukerarik ikasten jarraitzeko?

H.U. Sakontzeko aukera badago, baina atzerrian.

A.Z. Kanada aldera joateko aukera dago, adibidez, baina oso garestia da.

Lan munduari begira, zein lekutan aritu daiteke urpekari profesional bat?

A.Z. Egia esan, Euskal Herrian ez dago aukera handiegirik, eta atzerrian ate gehiago daude zabalik. Baina, berez, lan egin genezake edozein portutan edo enpresatan.

H.U. Ni, adibidez, Donostiako Aquariumean ari naiz praktiketan, eta horrelako lekuetan aritzeko ere baliagarriak dira gure ikasketak, bazkaria prestatzea eta bazkari hori marrazo eta bestelako arrainei emateko, tankea sifoiekin garbitzeko nahiz akuarioko dekoratuak garbitzeko. Donostiako Aquariumaz gain, Pasaian eta Orion ere bada enpresa bana.

A.Z. Eta Getarian, Hondarribian eta Bilbon ere bada aukerarik. Oro har, itsasontziak alokatzen dituzten enpresa txikiak dira, eta itsasontzi horiek ikuskatu eta konpontzea izaten da gure lana.

H.U. Orain atseden pixka bat hartuko dugu, eta lan bila hasi beharko dugu gero. Bitartean, beharbada, aisialdiko urpekaritza titulua aterako dugu, hori ere izateko, ez baitira baliokideak.

Zertan desberdintzen dira?

H.U. Gehienez ere 30 metro jaisten dira, eta gu 50-60 metro.

A.Z. Desberdintasun handiena erabiltzen ditugun materialetan dago. Aisialdirako urpekaritzan, askotan, bizkarrean botila hartuta jaisten dira. Gure kasuan, enpresa ona baldin bada, kaskoarekin jaisten gara urpera, zilborreste deitzen zaion mekanismoarekin. Itsasontzitik ematen digute oxigenoa, eta itsasontziari lotuta joaten gara.

Ohikoa al da emakumeak urpekaritza profesionalean ikustea?

A.Z. Ez, gehienak gizonezkoak dira, eta jendea animatu nahi genuke: emakumeok esparru honetan ere aritu gaitezke. Gure kurtsoan gu biok gara emakume bakarrak, eta aurten lehen mailan hasi den taldean, ez dago emakumerik.

H.U. Eta, eskolako gainerako zikloetako emakumeak kontatuta ere, bospasei izango gara ikastetxe guztian; gizonak, berriz, 300 inguru dira.

Estereotipoek zerikusia dute?

H.U. Bai. Guri gertatu izan zaigu, zenbait itsasontzitara joan, eta aurpegi arraroarekin begiratzea. Beharbada guri ez digute ezer esaten, zuzenean, baina nabaritu egiten da beren harridura, emakume bat lan horretan ikusteagatik. Gainerakoan ez dugu arazorik izan, ez irakasleekin, ez ikaskideekin.

Zailtasunak zailtasun, ogibide hori aukeratu izanak gertutasuna eman dizue itsasoarekiko?

H.U. Bai, handia, gainera.

A.Z. Orain konfiantza handiagoa dugu uretan ibiltzeko, eta uretako kirol gehiago ezagutzeko gogoa dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!