Sarea astindu du Tolosako kale garbitzaile baten bideoak

Tolosaldeko Ataria 2017ko maiatzaren 16a

Joan den igandean tolosar batek bideoa zabaldu zuen Twitter sare sozialean, kale garbitzaile batek hondakin guztiak poltsa berera botatzen zituela salatuz; Tolosako Udalak adierazpenik ez egitea erabaki du.

Maiatzaren 14an, 09:30ean, bideo bat grabatu zuen tolosar batek, gero Twitter bidez zabaltzeko. Atari kalean, kultur etxe atzean, kale garbitzaile bat bere lana egiten ari zen; zehazki, kaleko edukiontzi txikietako hondakinak jasotzen.

Badira jada bi urte, Tolosako kaleko edukiontzi txikietan ere gaikako bilketa egiten dela. Garbitzailea, ordea, edukiontzi marroi, gris, urdin nahiz horiko hondakinak poltsa berera botatzen ari zen. Horrela, beraz, herritarrak bideoa sareratu zuen, Tolosako Udalari azalpenak eskatuz.

Txioak hautsak harrotu ditu:127 bertxiotze eta 44 gustuko dut ditu originalak. Oihartzun horren aurrean, TOLOSALDEKO ATARIA harremanetan jarri da Tolosako Udalarekin: udalak erabaki du adierazpenik ez egitea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!