Hezkidetza planean atzera begiratu nahi du udalak, aurrerabidea zehazteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 16a, 11:41
'Hi haiz, hi!' jaialdiko irudi bat, joan den abenduan.

Udalak duela lau urte jarri zuen, martxan, Hezkidetza emozionala lantzeko egitasmo integrala; orain, lortutako helburuak zerrendatu eta erronka berriei heltzeko hitzorduak jarri nahi dituzte.

Azken lau urteotan egindako lanari begiratuz, gaur egungo egoeraren argazkia atera nahi du, Tolosako Udalak, aurrera begira jarraitu beharreko pausoak zehazteko. Hezkidetza planak egin du bidexka bat eta, hezkuntza komunitatearen inguruko erakunde, eragile nahiz ikastetxeen elkarlana izan da, egitasmoak emandako fruitu garrantzitsuenetako bat. Horrela, beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz, planari jarraipena emateko bideak aztertuko dituzte datozen hilabeteotan.

Sexuak inolako baldintzarik ez sortzea izan da, hasieratik, Hezkidetza planaren helburua. Bide horretan, indarkeria matxista detektatzea, estereotipo eta rolak alboratzea nahiz orientazio akademiko parekidea eskaintzea ezarri zituzten, hastapenetan, jomuga gisa.

Horra iristeko, besteak beste, Hi haiz hi-Beldur barik proiektua garatu dute, BerdinSex zerbitzua sortu dute, eta sentsibilizazio eta prestakuntza saioak ere eskaini dizkiete Tolosako ikastetxeetako gaztetxoei.

Proiektu horiek guztiek utzitako arrastoa zer nolakoa izan den ikusteko garaia iritsi da orain eta, horretarako, hainbat bide baliatuko ditu udalak, ahalik eta balorazio zehatzena osatuz. Batetik, ikastetxe guztietan taldekako elkarrizketak egiteko asmoa dute eta, era berean, bilerak antolatuko dituzte, guraso, irakasle, gazte, orientatzaile nahiz udal teknikariekin. Azkenik, Hezkidetza planarekiko jakinmina duten herritar guztientzat bilera ireki bat antolatuko dute, datorren urrian, kultur etxeko Topagunean.

Hitzordu guztien berri emango dutela azaldu du udalak, baina, zalantzak argitzeko nahi informazioa eskatzeko eskuragarri utzi dute Tolosako Udaleko Berdintasun Saileko telefonoa: 943 69 75 00.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!