Tolosa kulturaz loreztatua

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 12a, 15:21
Tolosako Udaleko, Topic-eko, Kutxa Kultur-eko eta Tolosa & Co-ko arduradunak.

Museoen Nazioarteko Egunak, Gau Zuriak, Lore eta Landare Azokak eta Kutxa Kultur Moda desfileak bat egingo dute Tolosan, maiatzaren 18tik 20ra. Asteburu betea Tolosa Zuria Loretan bezala batailatu dute.

Hiru izango dira maiatzaren 18tik 20ra bitarteko Tolosa Zuria Loretan ekimeneko plazak: Topic, Berdura plaza eta Gernikako Arbola. Izan ere, Tolosa Zuria Loretan-ek lau ekitaldi biltzen ditu, maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Eguna, hilaren 19ko Gau Zuria, eta maiatzaren 20ko Lore eta Landare azoka, eta Kutxa Kultur Moda desfilea.

Ekimena Tolosako Udalak sortu du eta Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak esan duenez, udalaren Hiri Ekonomia Mahaiak beste hainbat eragilerekin elkarlanean sortu dute. "Plangintza zehatz baten barruan herriak merkataritzaren, turismoaren eta azoken alorrean jarraitu beharreko estrategia definitu genituen 2016. urte hasieran, elkarlanean, eta horiexek aurrera eramaten gabiltza orain".

Iaz ere Museoen Nazioarteko Eguna zein Gau Zuria ospatu zituzten Tolosan, eta orduan ekitaldiak "indartzea" adostu zuen. "Ekimen indartsu bat abiarazi nahi genuen", esan du Letamendiak. Horregatik gehitu dizkiete Lore eta Landare Azoka eta moda desfilea, aipatu bi ekitaldiei.

Museoen Nazioarteko Eguna

Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an izango da eta Topic-ek ate irekiak egingo ditu 11:00etatik 20:00etara, eta eguna sarreran jarri berri duten txotxongilo berria aurkezteko baliatuko dute, hau da, Ttanttakak emandako Oskar elefantea. Mahai inguru ireki bat ere egingo dute Bizikidetza Foroak antolatuta eta baita bi erakusketa inauguratu ere: Rafa Gorrotxategiren aldi baterako txokolateari buruzkoa eta Museoen Nazioarteko Egunaren argazkiena.

Gau Zuria maiatzaren 19an izango dira eta azken urteetan bezala, aurten ere Topic irekiko dute 21:00etatik 01:00etara. Musika eskolako ikasleen kontzertuak ere egongo dira eta Alde Zaharrean bisita gidatuak egin ahal izango dira. Gorrotxategi Museoak ere ate irekiak egingo ditu 18:00etatik aurrera eta baita txokolate dastatzea ere.

 

Berrikuntzak

Aurtengo Lore eta Landare Azoka Berdura plazara bueltatuko dela ere esan du Nerea Letamendia zinegotziak. 9 urte dira Berdura plaza utzi eta Trianguloan egiten zela. Aurtengoa 38. azoka izango da eta 09:00etatik aurrera 14 mintegiren lore eta landareak ikusi eta erosi ahal izango dira.

Bada beste berrikuntzarik ere. Izan ere, iaz, Gaztelako atea "lorategi efimero" bihurtu zuten azokarako eta aurten gauza bera egingo dute Tolosa Zuria Loretan ekimenaren beste plazetako batean, Gernikako Arbolan. "80. urteurrena eta memoria ere ekarri nahi izan ditugu ekimenera", gaineratu du. Proiektu hau egiteko lehiaketa bat deitu zuen udalak eta Viveros Azpiazuk irabazi du. Beraz Viveros Azpiazuk apainduko du Gernikako Arbola eta 5 loreontzi zuriz osatutako hiru multzo jarriko dituztela aurreratu dute. Multzo horiek lotuz bidexka bat egingo dute eta bertan hainbat mezu egongo dira. Lorategi berezi honen irekiera Tolosako Erraldoien Konpartsako Don Mejon de Andia eta Tapiako Katalinak egingo dute. Era berean, Goazen Jolastera marrazteko liburuxka didaktikoa jarriko dute salgai, egun berean.

Moda desfilea

Lore eta Landare Azokan moda desfilea ere egingo dute. Berdura plazan izango da, baina arratsaldez. Letamendiak herriko larunbat arratsaldeak indartzeko apustua gogoratu du zentzu honetan. "Jendea Tolosara gerturatu, kultur eta aisialdirako eskaintzaz gozatu, gure merkatal guneetan erosi edo gastronomia dastatzera gonbidatu nahi dugu", esan du.

Desfilea Kutxaren eta Tolosa & Co-ren elkarlanari esker egingo dute. Mikel Mendarte Kutxa Kultur-eko zuzendariak azaldu duenez, Kutxa Kultur duela 7 urte sortu zuten, orain Tabakalerako laugarren solairuan daude, eta lurraldeko aberastasuna kanpora atera eta erakusteko helburua dute. Hori dela eta, Kutxa Kultur Modan parte hartzen duten sei diseinatzaile gazteen lanak zabaltzeko egiten dute lana, besteak beste. Tolosako desfilean horietako lau egongo dira; Goiuri Unanue, Inge Zubeldia, Pispiripispo eta Saio Matxain.

Moda sortzaileek Tolosa & Co elkarteko kide diren hainbat guneren laguntza izango dute desfilea osatzeko. Ile-apaindegi eta makillaje zerbitzuak eskainiko dituzte Edit Etxezarreta elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez. Ondoren, diseinatzaileak Topic-era joango dira, eta bertan beraiekin hitz egiteko eta "akordioak egiteko" aukera egongo da. Era berean, desfilea apaintzeko ardura Tolosako hainbat dendek izango dute eta herriko hiru argazkilari ere izango dira bertan, argazkiak ateratzen. Tolosa & Co-k gainera, desfilea lehen lerrotik ikusteko bi sarrera zozkatuko ditu sare sozialen bidez eta beste hiru zozketa ere egingo ditu larunbat arratsalde horretan, ohikoez gain; Merezi Duzulako lelopean 60 euro zozkatuko dituzte desfilean parte hartzen duten ile-apaindegi edo estetika zentroan gastatzeko, 50 euro herriko dendetan gastatzeko eta beste txartel bat ostalaritza puntuetan gastatzeko. Bukatzeko, ekimenarekin bat eginez, maiatzaren 15eko aste horretan kaleak lorez apainduko dituzte.

Bestalde, eta larunbata borobiltzeko, Gernikako Arbolaren inguruko ostalariek Koktel Zuria eskainiko dute, 21:00etatik aurrera.

Erlazionatuak

Tolosa Zuria Loretan, egitaraua

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!