Uzta berezia urte berezian

Iñigo Terradillos 2017ko mai. 15a, 07:54

Pasa den urteko azaroan Bonberenea Eclair bildumak ikusi zuen argia, eta lan horrekin 2006an kaleratu zuten Suffle-ari jarraipena eman zioten, azken urteetan Bonbereneatik igaro diren taldeen kontzertuetako uneak bilduz. Oraingoan, beste segida batekin datoz. Bonberenea oztopo guztien gainetik izenburupean duela 16 urte egin zuten lehendabiziko bilduma, eta haren ondorengoa da maiatzaren 25ean argia ikusiko duen Aspalditik gatoz, urrutira goaz izeneko bilduma.

Urteurren borobilarekin batera dator disko berria. Ez da, dena den, 2007ko uztak utziko duen lan bakarra. Izan ere, 20. urteurrena era berezian ospatu nahi dute, eta hori nabaritu da 2007. urtean sartzearekin batera. Urtarrilean Bonberenea txarangak Berriozar izeneko diskoa kaleratu zuen. Biniloan eta CDan, diseinu bereziarekin, eta izenburuak aditzera eman nahi duen bezala, inauterietako abesti tradizionalak hartu, horiekin jolastu eta ukitu bereziak emanez gaurkotuta aurkeztu zituzten. «Inauterietako abestien inguruko hausnarketa bat izan zen. Tolosak badu inauterien inguruko sonoritate berezi bat, eta hori erabiltzeko modu berri baten bilaketaren ondotik sorturikoa da diskoa», azaldu du Urki Colinas Bonbereneako kideak.

Bonberenearen 20 urteak «markatuta» geratzeko helburua dute, hemendik urte batzuetara begirada atzera botatzean bi hamarkada borobilduta utzi zituztela ikusteko: «Mugimendu hau guztia hasi zenean ez zen pentsatu ere egiten, hainbesteko iraupena izango zuenik, ezta gaur egun gaudenera iritsiko zenik ere. Horregatik, urteurrenaren aitzakian, Bonbereneako atal desberdinetatik proiektu berriak sortzen eta kaleratzen joango gara, ekitaldi ugarirekin batera», dio Colinasek.

Diskoen ekoizpenaren alorrean, maiatzaren 25ean kaleratuko duten diskoa izango da aurtengo hirugarrena. Gogoratu behar da, Bonberenea duela 20 urte okupatu eta sortu zela, baina, grabaketa estudioa, ondoren, 2002. urtean sortu zela. «Eta, urte hartan disko bilduma bat egitea egokitzen zen, Bonbereneari bultzada bat emate aldera. Horretarako, hainbat euskal talderi abesti bat konposatzea eskatu zitzaion, gero disko horretan sartzeko». Oztopo guztien gainetik bilduma diskoa grabatu zutenetik 15 urte bete diren honetan, talde ugariren ia 100 disko grabatu dituzte. Bada, estudioak berak urteurrenean tokia izan behar zuela ikusita 2002an grabatutako diskoari jarraipena ematea erabaki zuten.

Aspalditik gatoz, urrutira goaz da lan berria, eta azaltzen duten moduan, izenburuak berak islatzen du disko horrek izan nahi duena. Parte hartzen duten taldeek diskorako bereziki sortutako abestiekin osatuta dago bilduma. «Talde horien diskoetan ezingo dira topatu, soilik disko honetan, beraz, aukera paregabea eta bakarra da beste abesti berri batzuk entzuteko», zehazten du Bonbereneako kideak. 22 taldek hartu dute parte, eta horien artean dira, Glaukoma, Atila y los unos, Estricaia, Anestesia, Eraso, Humus edota Zea Mays. «Bonberenea Ekintzak plataformatik hainbat talde pasa dira, eta beraien arteko anaitasun proiektu bat dela esan daiteke».

Lan berezi honek behar bezalako aurkezpena izango du. Diskoak argia ikusi eta bi egunera izango da, maiatzaren 27an, 22:30ean. Diskoan parte hartu duten taldeek hartuko dute parte, eta era akustikoan bakoitzak 2-3 abesti eskainiko ditu. «Beraz, egun polita izango da, estilo desberdineko musikaz gozatu ahalko delako».

Aurtengoak utziko dituen gehiago

Sofa taldearen II diskoa izango da aurten Bonbereneak ekoiztuko duen bigarrena. Maiatzaren 24an kaleratuko du zarauztar talde gazteak euren bigarren lana. «Giro musika da, letrarik gabekoa, lan oso fina egiten dute, eta merezi du entzuteak. Oso harro gaude aurtengo gure uztan gisa honetako proiektu bat kokatzearekin, eta horrela, bide batez, talde bati bultzada ematearekin», dio Urki Colinasek.

Bestalde, uda ostean, Bonberenea Sutan jaialdi berri batez gozatzeko parada izango da. «Egoerari aurre egiteko edo azaltzeko proposamena da. Bonberenearen, etxearen egoera munduari erakusteko, eta herriari gutxitan ikusten den bezalako jaialdi handi bat eskaintzeko». Aurretik egin diren Sutan jaialdi guztiak bezala udaren ondoren izango da, baina, oraindik zehazteko dute data zehatza.

Urte amaieran liburua iritsiko da. Urki Colinas berak hartu du liburua idazteko ardura. «Lan handia eta ardura handikoa izaten ari da: etxeko produktua da, datu asko daude, hogei urte hauetan egoera askotatik igaro gara, talde ugari etorri dira, dokumentazio lana...». Liburua da, baina ez dela «mardul horietakoa» izango gehitu du: «Urtez urtekako azalpentxo txikiak joango dira, kontzertuetako eta diskoetako argazkiak, beraz, ez da dena testua izango».

Abenduaren 23a da urteurrenaren eguna, eta egun horretarako, prestatzen ari diren dokumentalaren aurkezpena dute aurreikusita. Oraindik amaitzeko geratzen da pixka bat, une honetan grabaketa fasea amaitzen ari baitira, baina, nahiko aurreratuta dute lana. Dokumentala, Colinasek azaldu moduan, Bonberenean egiten duten guztia bezala, autoekoiztua izango da: «Baditugu etxean bertan diseinuarekin eta irudiekin lan egiten adituak direnak, beraz, beraiek ari dira zeregin honekin». Edukiari dagokionez, etxearen historia azalduko du, etxetik bertatik: «Izan ere, askotan joera badago gurea bezalako mugimenduak izan daitezkeenak kanpotik azalduak izateko, kanpotik dagoen sentsazioarekin. Militantzia batean bizi ez diren pertsonek etxea modu batera ikusten dute, eta dokumentalarekin eta liburuarekin egin nahi duguna da etxeko sentimenduak jendeari helaraztea, etxearen historia kontatzearekin batera», azaldu du Bonbereneako kideak.

Hala, bertan Bonbereneako kideak ikusi ahalko dira, azken legealdietan Tolosako alkatetzan izan diren kide desberdinek Bonberenearekin izan duten erlazioaz nahiz etxearen eboluzioaz solasean ariko dira, edota, etxearekin erlazioa duten lagun ugariren lekukotzak jasoko ditu. Era berean, Bonberenearen atzealdean edo barruan gertatzen dena ikusteko aukera ere izango da. Liburuarekin batera doan proiektua da dokumentala, eta horregatik aldi berean merkaturatzea da euren asmoa.

 

Maiatzak 12: «Euskal Herriko rockaren inguruko instituzio bat PiL.T. taldea. Orain dela urte asko euren ibilbidea amaitutzat eman zuten, eta zortez biratxo bat egiteko bueltatu dira, geldialdietako bat gurean egingo dutelarik».

Maiatzak 13: «Etxearekin erlazio handia dute Doble Capa taldekoek, eta dezentetan izan dira gurean. Madrilditik datoz. Bonberenean rock kontzertuak nagusi izaten dira, eta hauek rockaren erreferente diren heinean, gau interesgarria aurreikusten da».

Maiatzak 19-20: «Beste asteburu rockero batez gozatzeko aukera izango da bost talderen eskutik. Beraz, rocka gustatzen zaion ororentzat gomendagarria ostiraleko nahiz larunbateko gaua. Patxuko, esaterako, askotan etortzen da gurera, eta ziur Tolosako eta eskualdeko jendeak maiz ikusiko zuela, baina, beti da plazer bat entzutea».

Maiatzak 26: «Sofa zarauztarren musika eta disko berria ezagutzeko aukera. Eurekin batera Kantabriako The Room taldea izango dugu. Saiatzen gara gau bereko taldeek estilo antzekoa izaten, eta hauek ere Sofa taldearen modura giro musika eta rocka uztartzen dute».

Maiatzak 27: «Bilduma diskoaren aurkezpena. Bertan parte hartu duten hainbat talde eszenatokian zuzenean ariko dira, akustikoan. Ezin baitira hainbeste talderen musika tresnak denbora berean erabili».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!