Tolosan zer, eta baita non ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 11a, 14:47

Patxi Amantegi, Iñigo Muñoz eta Berdaiz Guruzeaga izan dira agerraldian.

Tolosako Udalak informazio geografikodun bisore bat sortu du, udaleko informazio guztia mapa batean kokatuz.

Udaletxeko langileen eskutik iritsi da, www.tolosa.eus webgunera, azken berrikuntza: Geografi Informazio Sistema (GIS) bat, Tolosako informazio guztia geografikoki kokatu ahal izateko. Langileen eraginkortasunari laguntzea da helburua eta, era berean, herritarrek udaleko informazioa eskuratzeko erraztasun handiagoa izatea.
Tolosako Bisorea izena hartu du tresna teknologiko berriak, eta webgunean sartzen den edonork ikusgai izango du banerra, eskuinean.
Udalak lau atal nagusitan banatu du Tolosako informazioa eta, atal horiek abiapuntu hartuta, gutxienez 50 azpiatal edo geruzatan barrena informazioa lortzeko aukera izango dute erabiltzaileek.
Modu horretan, Informazio orokorra, Hirigintza, Landa eremua eta ingurumena eta Turismoa izango dira Tolosako Bisorea erabiltzen hasteko abiapuntu.
Patxi Amantegi zinegotziak eta Iñigo Muñoz eta Berdaitz Guruzeaga teknikariek eman dituzte tresna berriaren inguruko azalpenak, zehaztuz, 50 geruza horiei geruza eta azpiatal berriak gehitzen joatea dela Tolosako Udalaren helburua.

Mapan nahiz satelitean

2007. urtean Europar Batasunak onartutako INSPIRE zuzentaraua dago, GIS sistemen jatorrian. Informazio geografikoaren demokratizazioa sustatu nahi izan zuten eta, horrela, azpimarratu zuten informazio geografiko orok publikoa behar zuela izan, edozein bisoretan ikusteko modukoa.
Tolosako informazio geografikoa bisore baten bitartez ikusi ahal izango dute udal langileek eta herritarrek, baina, Iñigo Muñozek azaldu du, tresna garatzeko software libreak baliatzeko aukera izan dutela, kosturik gabe. GIS zerbitzaria, berriz, udalarena da eta udalak modu autonomoan kudeatu ahal izango du.

Arreta zerbitzu bat, etxetik mugitu gabe

«Udaleko kudeaketa eta lan guztietarako datu base bakarra izatea ahalbidetu du GISaren sorrerak, eta hori oso onuragarria da», azaldu du Patxi Amantegik.
Horregatik, hain zuzen, Tolosako Bisorea udal informazio arretara bertaratzearen parekoa izango da, etxetik mugitu gabe.
Esaterako, aurrerantzean posible izango da trafikoari dagozkion arauen kontsulta egitea: OTA-TAO eremuak, Hiribusaren ibilbidea nahiz bidegorri sarea. Bide beretik, hirigintzaren atalean, Plan Orokorra, zerbitzuen azpiegitura eta udal kartografia eskuratu ahal izango dira. Besteak beste, hondakinak biltzeko edukiontzien gunean edo Toiletkanak non dauden ikusi ahal izango da, eta baita eremu urbano bakoitzeko fitxa jaitsi ere, PDF formatuan.
Landa eremuari begira, baserri guztien inbentario geografiko moduko bat egin dute, eta baserri inguruetako lursailak ikusi eta neurtu ahal izango dituzte, tramiteetarako. Azkenik, bisitariei begira jarri dute Tolosako Bisorea, herriko interesgune guztiak mapan txertatuz.
Tolosako Bisoreak euskara hutsean funtzionatuko du, eta martxan da, jada, www.tolosa.eus atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!