44 edukiontzi berri ezarri ditu Tolosako Udalak, 19 gunetan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 9a, 16:23

Gaikako bilketa tasa %70etik gora mantendu da 2017an barrena; udalak identifikatu ditu birziklatzea gehien kostatzen den guneak.

22 papera eta kartoia birziklatzeko, eta beste hainbeste ontzi arinentzat. Tolosako Udalak 44 edukiontzi berri ezarri ditu herriko hainbat gunetan, "egoki birziklatze bidean". Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak eman ditu berrikuntzaren azalpenak eta, besteak beste, zehaztu du 3.200 litroko edukiera dutela.

Edukiontzi berriak gaur egun errefusa eta organikoa biltzeko ezarritakoen parekoak dira, eta kolorea bakarrik aldatzen da. Tapa pedalarekin irekitzeko aukera eskaintzen dute, eta Amantegik azpimarratu du hainbat herritarrentzat ezinbestekoa dela aukera hori, hondakinak edukiontzietan sartu ahal izateko.

Guztira 19 gunetan berritu dituzte papera eta ontzi arinak biltzeko edukiontziak; gehienak erdigunean, eta batzuk kanpoalderago. Horrela, Agintari kalean, Rondilla kalean, Soldadu kalean, Zumalakarregin kalean, Gernikako arbolan, Laskurain kalean, Lizardi plazan, Batxiller Zaldibia kalean, Emeterio Arrese plazan, zezen plazan, Oria kalean, Pedro Tolosa kalean, Alliri auzoan, Larramendin, Agaramundu plazan, Berazubi auzoan, Paper Eskola parean eta Iurreamendi auzoan izango dituzte edukiontzi berriak.

%70a mantenduz

Edukiontzi berrien plazaratzea baliatu du, Patxi Amantegik, gaikako bilketaren jarraipenaren berri emateko. Horrela, jakinarazi du 2017an %70etik gorako bilketa mantentzen ari dela, eta hobetzeko lanean dihardutela.

Batetik, zehaztu du errefusaren edukiontzietan material birziklagarria aurkitzen dutela, nahiz eta portzentaje txikian izan. Bide beretik, organikoaren edukiontzian plastikozko poltsek sortzen dute oztoporik handiena: "Tolosaldeko Mankomunitateak egindako azken azterketaren arabera, edukiontzi organikoetako %7,2 desegokia da".

Gainera, udalak identifikatu egin ditu birziklatze datu eskasenak ematen dituzten eremuak, eta mezu bat zabaldu nahi izan die herritarrei: edukiontzi organikora poltsa konpostagarriak bota behar direla. Zezen plazan nahiz kultur etxeko arkupean dauden makinetan poltsa konpostagarriak doan eskura daitezke, 24 orduz, horretarako beharrezkoa den txartelarekin. "Tolosako Udalak 60.000 euro baliatzen ditu, urtero, poltsa horiek erosten".

Bilketa datua mantendu ez ezik, hobetu egin nahi du udalak eta, Amantegik sentsibilizazioari eta kontzientziazioari begiratu dio, aurrerapauso horiek gauzatu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!