'Aingura' gunea berrikuntza, aurtengo Bisiguaren festan

Tolosaldeko Ataria 2017ko maiatzaren 8a

Ekainaren 3an eta 4an Zerkausia hartuko du jaiak, eta menua dastatzeko txartelak eskuragarri daude, jada, 50 euroan.

Bederatzigarren aldiz, Orio eta Tolosaren arteko zubi izango da ekaineko lehen asteburua, Bisiguaren festaren karietara. Txinparta elkarteak antolatuta, eta Tolosako Udalaren laguntzaz, Zerkausia jantoki erraldoi bilakatuko dute, eta parrilak izango dira protagonista, bisigua Orio estilora erretzeko. Xixario eta Katxiña erretegien abileziarekin batera, gainera, aurten Aingura gunea nobedade izango da: galiziar gastronomia dastatzeko txokoa.

Sukaldari galiziarren eskutik, itsaskiak, olagarroa nahiz edariak izango dira, Zerkausian bertan, itsasoko jaki preziatuen zerrenda osatuz. Jantokian, berriz, 600 pertsona inguru elkartzea aurreikusi dute antolatzaileek; guztira, 320 bisigu inguru erreko dituzte, Orio estilora. Bisiguak parrila gainean pasatzen duen denboragatik, eta bisigua erretzeko moduagatik da bereizgarri, arrain preziatua erretzeko modu hori.

Horrela, 50 euroko menua osatu dute, bisiguaren inguruan. Hasteko, antxoak dastatuko dituzte, gatzetan, eta tomate entsalada hegaluzearekin, ondoren. Nafarroako zainzuriak ere izango dira, eta jaki nagusia zerbitzatuko dute gero –bisigua parrilak–, eta Bixigoxo postrearekin biribilduko dute otordua. Janaria lagunduz, ardo beltza, txakoliña, sagardoa, ura eta kafea izango dira.

Txartelak eskuragarri daude jada, Tolosaldea Tour bulegoan. Hara bertaratuta, 943 69 74 13ra deituta nahiz tour@tolosaldea.eus helbidera idatzita eros daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!