Ez da finalerako sailkatu Peña II.a

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 6a, 19:53

Arteagaren aurka 22-16 galdu du tolosarrak Beotibar frontoian, Promozioko Buruz Buruko Txapelketan.

Partida borrokatua jokatu dute Peñak eta Arteagak Tolosako frontoian, baina azkenean Arteagak bereganatu du finalerdia. Une askotan tolosarra aurretik izan da, baina gakoa 14-16 irabazten ari zela sakez egin duen falta izan da. Orduan Arteaga zuzenean 22raino iritsi da, tartean sakez bost tanto eginez.

Peña ez da triste azaldu partidaren amaieran, finalerdiraino iritsi baita txapelketan egiten duen lehen parte hartzean, baina ezta pozik ere, gertu ikusi baitu finalerako txartela. "Hasiera ona izan dut, baina gero bukaera gazi-gozoa izan da. Finalerdira iritsi naiz, baina ez nago gustura partida nola bukatu den ikusita", esan du pilotari tolosarrak.

Partidaren hasieran Arteaga aurretik jarri bada ere, segituan Peñak tanto dezente egin eta aurre hartu dio. Lasartearra nahiko urduri aritu da, eta bukaeran sakearekin gehiago asmatu eta partida irabaztea lortu du. "Urduri jokatu dut, baina bukaeran gehiago jokatu dut pilotan eta Peñak opari batzuk egin ditu", esan du Arteagak, eta oso pozik agertu da Orendaingo Errotako Anaren semea finalerako txartela lortu duelako: "Gaurko partida bietako edozeinek irabaztea zeukan", gainertu du.

Jarraian jokatu da bigarren finalaurrekoa, Gorka errioxarra eta Bakaikoa etxarriarraren artekoa. Gorka atera bada ere faborito gisara, Urretabizkaia ikaztegietarraren aurka egin bezala, ezustekoa eman du Bakaikoak, eta bera izango da Arteagaren aurka finala jokatuko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!