50. urteurrena ospatu du Caritasek, boluntarioei omenaldia eginez

Imanol Garcia Landa 2017ko maiatzaren 6a

Ekitaldia egin dute Tolosako Trianguloa plazan, elkartearen mende erdia ospatzeko.

Gipuzkoako Caritasek 50 urte bete ditu eta abenduan hasi zen urteurrena ospatzen Donostian. "Aurretik ere hasita zegoen lanean, baina paperean eta eduki mailan duela 50 urte hasi zela jasota dugu", esan du Kontxi Elexpek, Gipuzkoako Caritaseko administratzailea eta Gipuzkoako ordezkaria Tolosaldean. "Ospakizuna bailara eta parroki guztietara eramaten ari gara eta horregatik antolatu dugu ekitaldia Tolosan".

Besteak beste, omenaldi bat egin diete boluntarioei. "Urte askoan Caritasen aritu direnak igo dira oholtza gainera, eta horrekin irudikatu dugu boluntario guztiei egiten zaien omenaldia", esan du Hilario Urdanpilletak, Tolosaldeko Caritasen arduraduna. Ekitaldian Villabonako Eresargi eta Alegiako Txintxarri abesbatzek abestu dute, Ibarrako Alurr dantza taldeak ere saioa eskaini du eta Txomin Garmendia billabonatarra bertsotan aritu da. "Eguraldia oso ona egin du. Atzo gauekoa ikusita, negar egiteko gogoa ematen zuen, baina gaurkoa ikusita ez dakit zeinek eman duen laguntza, baina baten batek bai".

Jende ugari elkartu da ekitaldian eta Caritas elkartekoek eskertu diete, baita ekitaldian aritu diren taldeei zein Tolosako Udalari azpiegitura eskaintzeagatik. "Jendea oso eskuzabala da eta gaur ere gerturatu zaigu eta eskaini du bere burua laguntza emateko. Espazio bat da boluntariotza, formatzeko, indartzeko eta guk ere berriz indarra hartzeko", esan du Elexpek. Urteurrenarekin batera ere gogora ekarri dute Caritasetik Gipuzkoan 27.000 pertsona inguru artatzen dituztela urtero. "Ez dira txantxetako kopuruak", esan du Elexpek. Bide batez, boluntarioen beharra dutela esan du Urdanpilletak: "Adineko jende asko dago eta eskaera egiten dugu boluntario berriak etortzeko, behar dira eta".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!