Kondeaneko aldapako 11 etxebizitzak zabalduko dute Tolosako alokairu eskaintza

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 5a, 14:43

Ekainaren 9ra arte esleipenean izena emateko aukera izango da; urtez urte berrituko dituzte kontratuak eta, gehienez ere, bost urtera arte luzatu ahal izango dira.

Kondeaneko aldapako 11. zenbakian, 11 etxebizitza esleituko ditu Tolosako Udalak, alokairuan. Ekainaren 9ra bitarte izena emateko aukera izango da, eta puntuazio bidez banatuko dituzte etxebizitzak.

Etxebizitzak lau solairutan banatuta daude, eta logela bateko, biko zein hiruko etxebizitzak daude. Higiezinek ez dute trasteleku eta garajerik izango.

Etxebizitza esleitutakoan, herritarrek urtebeteko hitzarmena sinatuko dute udalarekin eta, gehienez ere, bost urtera arte luzatzeko aukera izango dute, urtez urte. Horrela, hileroko errenta esleipendun bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da.

11 etxebizitzak baremazio sistema erabiliz banatuko dituztenez, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan, eskatzaileei etxebizitzak esleitzeko. Batetik, udalerriarekiko lotura baloratuko dute, eta puntuazio jakin bat eman, Tolosan gutxienez urtebeteko epean bizitzeagatik, Tolosan 15 urtez erroldatuta bizi izateagatik, edo Tolosan urtebeteko epean lanean aritu izanagatik.

Bide beretik, etxebizitzarik ez izatea ere kontuan hartuko dute eta, azkenik, diru sarreren baldintza ezarri dute: urteko diru sarrerak 3.000 eta 39.000 euro bitartekoa izan beharko dute. Mugikortasun urria duten herritarrek edo indarkeria matxistaren biktimek ez dituzte ditu sarrerak zehaztu beharko.

Alokairu eskaintzan parte hartu ahal izateko, Udatera jo daiteke –Tolosako udaletxeko erregistrora– edo, bestela, www.tolosa.eus bisitatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!