Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketak ahaide txikia dauka: Tolosaldeko 2 Tontorrak. Lehenak 43,5 kilometro ditu; eta bigarrenak, 24,5. Aurtengoa izango da T2Tren lehen edizioa. Ekainaren 18an jokatuko dituzte bi mendi probak, igandean.
T3Tren antolatzaileek arrazoi bat baino gehiago eman dute berrikuntzaren inguruan. Iñaki Intxausti tolosarrak laburbildu ditu batzuk: “Maratoi batek ondoan beti maratoi erdi bat izan behar omen du, laburragoa”. Beste lasterketa askok “proba txikiago bat” ere izaten dutela gaineratu du. “Eta, azpiegiturak aprobetxatuz, guk ere horrelako zerbait antolatzea erabaki dugu. Jendearen eskakizuna baino gehiago, gure ekimena izan da, parte hartzaile gehiago erakartzeko asmoz”.
Tolosaldeko mendi maratoiaren antolatzaileetako bat izateaz gain, mendi lasterkaria ere bada Intxausti, eta ongi ezagutzen ditu lasterketa laburragoaren onurak: “Proba luze baten aurrean, gu ere askotan ibili izan gara galdezka ibilbide laburrik ba ote dagoen. Batzuetan, ez da izaten luzea egiteko sasoirik, eta egokia izaten da laburra”. Horrez gain, ingurukoak animatzeko ere “erakargarria” dela uste du tolosarrak. “Proba luzera badakizu ez direla animatuko, baina laburra beste kontu bat da”.
Tolosako Triangulo plazatik abiatuko dira bi lasterketak. T3T 09:00etan, eta T2T 09:30ean. Herniora abiatuko dira lehenengoak, eta Uzturrera bigarrenak. Luzekoek 2.800 metroko desnibel positiboa pilatuko dute, eta laburrekoek, 1.600ekoa. Bada alderik, beraz. Baina izenak ondo azaltzen duena da desberdintasun nagusia: Hernio, Uzturre eta Arroizpe mendiak igo beharko dituzte T3Tn, eta azken biak bakarrik T2Tn.
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, 350 korrikalarirentzat dago lekua proba nagusian, eta 281ek eman dute izena dagoeneko. T2Tn 250 parte hartzaile abia daitezke, eta horietatik 161ek jadanik eman dute izena. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Intxaustik hitzez egin du ibilbidea Tolosaldeko Ataria-rentzat.
1. IRTEERA. Tolosako Triangulo plaza
“Triangulo plazatik abiatu, eta Izaskun auzora igoko dira parte hartzaileak, eskaileretan gora. Hasieratik, kosta egingo zaigu erritmo egokia aurkitzea, eskaileretan gora zaila izango delako korrika egitea. Arnasa bere onera ekartzeko egokiak izango dira bidean dauden atseden guneak. Berriz errepidera iritsi arte, oinez joan beharreko tartea izan daiteke lehenengo hori”.
2. LEHEN ANOA GUNEA. Pisuaga
“Edaria izango da bertan; atseden pixka bat hartzeko gune egokia. Bertatik pasatu ondoren, miserikordi zaharreko bidea hartuko dugu, eta, gainaldean dagoen dorrearen ondotik, Uzturre aldeko bidea hartuko dugu gero. Dorrera iritsi arte, korrika egiteko bidea da gehiena, baina oinez joateko egokiagoa da hortik Txabal-en monumenturainoko bidea”.
3. BIDEGURUTZEA UZTURREN. Bi lasterketak, bat eginda
“Bidegurutzean bat eginda, hortik aurrera berdinak izango dira bi ibilbideak. Uzturreko azken maldak direnez, tarte horretan korrika eta oinez joateko aukera izango da; bakoitzak ahal duen bezala”.
4. BIGARREN ANOA GUNEA. Uzturreko gurutzea
“Uzturre gainera iritsita, beste anoa gune bat egongo da bertan, eta baita kontrola ere, gurutzearen ondoan. Edaria eta jana izango dira eskura. Lasterketa utzi nahi duenarentzat ere leku egokia da, ibilgailuak egongo baitira jaisteko. Gurutze Gorriaren postua ere egongo da. Ikusle ugari elkartzen da beti Uzturren, eta, beraz, jendearen animoak oso gertu sentituko dira lehen tontorrean. 700 metro positibo pilatuta, beste 900 gelditzen dira oraindik”.
5. ZATI ARRISKUTSUA. Belabietako zelaiak
“Gora eta behera etengabean, oso zati arriskutsua da. Korrika egiteko tentazio handia izaten da zati horretan, aldapa motz pikoak direlako, baina benetan aldapa gogorra dago Belabietako azken belazean. Mesedegarri izaten da zati horretan oinez joatea. Ibiñeko anoa gunea egongo da amaieran, edariarekin. Indarberritu eta Ibiñeko malda piko eta laburra igo beharko dute gero, Elduainera arteko 4,5 kilometroko jaitsieraren aurretik. Zailtasun handirik gabeko jaitsiera da, bidezidorretan eta pistetan barrena”.
6. LAUGARREN ANOA GUNEA. Elduain
“Hiru tontorrak egiten ari direnentzat, 31. kilometroa izango da. Anoa gune osoa egongo da bertan, eta erretiratzeko beste leku egoki bat izango da hori. Hor hasten da zatirik gogorrena. Gora begiratu, eta 500 metroko aldapa ikusten da. Ez du gogorra ematen, baina bada; korrikalariak badaki basotik atera beharra daukala gailurrera iristeko, baina basoa ez da inoiz amaitzen. Lehen korrikalariak, azkarrenak, 30 minutu beharko ditu zati hori egiteko; ez da gune samurra”.
7. KONTROL GUNEA. Arroizpe
“Jana, edana eta kontrol gunea egongo dira Arroizpen. Ordura arteko ibilbidea ikusteko aukera egongo da, paisaia ederrarekin. Jaitsierarako gorde behar dira indar apurrak, hanketatik justu ibiliz gero, batez ere, sei kilometro luze faltako direlako artean”.
8. EDARIA. Leaburu
“Leaburuko autobus geltokian anoa gunea egongo da, edariarekin. Eztarria busti eta Ibarrako plazara abiatuko dira korrikalariak. Ordurako eginda egongo da ibilbideko zatirik gogorrena, baina bi kilometro gelditzen dira oraindik asfalto gainean: gogorra da zati hori”.
9. HELMUGA. Tolosako triangulo plaza
“Hasierako gunera itzulita, indarrak berreskuratzeko unea izango da: masajeak, bazkaria, jendearen animoak, abenturaren kontaketa… Lehenarentzat erronka: ezetz jaitsi 2.05 ordutik!”.