"Gazte Eguna aldarrikapen koloreekin margotu nahi dugu"

Biharkoa, aldarrikapen eguna izango da Tolosan. Herriko txoko ezberdinetan, hitzaldi, emanaldi nahiz kontzertuak antolatu dituzte, «gazteei, eskura ez dituzten aisia ereduak eskaintzeko bide berri bat irekitzeko».

2014az geroztik, bi aldiz antolatu dute Gazte Eguna, eta biharkoa, hirugarren edizioa izango da. Tolosako Gazte Asanbladak egitarau zabala antolatu du, «gazte guztiei eskainia izango dena».

Nahiko mutil okupatua bada ere, izan musikagatik, izan ikasketengatik, izan kirolagatik, Aitor Arroyo (Tolosa, 1998) Tolosako Gazte Asanbladako kidearekin, berak asanbladan izandako sarrerari buruz eta gazteek izan ditzaketen bestelako aisia ereduen inguruan hitz egin ahal izan dugu.

Noiz hasi zinen Tolosako Gazte Asanbladan parte hartzen, eta zergatik?

2014an, Gazte Asanbladak lehen aldiz Gazte Eguna antolatu zuenean, bere aldarria egin zuen. Lehen aldiz aurkeztu zen herritarren aurrean. Orduan sartu nintzen taldean. Astebete ingurura, bilera ireki bat antolatu zuten, eta bertara azaldu nintzen. Ordutik hona, asanbladako partaide izan naiz, nahiz eta une batzuetan besteetan baino denbora gehiago eskaini diodan.

Zein dira asanbladak dituen egin beharrak eta zeintzuk betetzen dituzu zuk?

Asanbladaren betebehar nagusia, Tolosako gazteriak eskura ez dituen aisia ereduak eskaintzea da. Hori lortu ahal izateko, hainbat lan-taldetan banatzen gara. Batzuek, horretarako zein motatako ekintzak egin erabakitzen dute, beste batzuek, berriz, horietarako azpiegiturak lortzen saiatzen dira, eta azken taldea, guzti horren komunikazioaz arduratzen dena da. Nire kasuan, komunikazioarekin erlazionatutako lanetan aritzen naiz.

Zein da asanbladak Tolosan duen tokia?

Argi utzi nahi dugu, Gazte Asanblada, Tolosako beste eragile bat gehiago da. Hemen, hainbat kultur edota kirol taldek betetzen duen toki bera bete nahi dugu behintzat, eta horretan saiatzen gara. Hortik aurrera, bere erantzukizun nagusia, kirola, kultura edota parranda ez den bestelako ekintza batzuk eskaintzea litzateke.

Aurten, maiatzaren 6rako antolatu duzue Gazte Eguna. Zenbatgarrena izango da? Besteengandik ezberdina izango da?

Hasiera batean, egun hau urtero antolatzea zen asmoa. Baina, urte batean, okupazioen eragindako istilu eta gorabeherak zirela medio, geldialdi bat izan zuen asanbladak, eta ez zen Gazte Eguna ospatu. Beraz, aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Bertan, gainera, gazteei gauza berriak eskainiko zaizkie, eta hori izango da aurtengo berritasun handiena.

Hainbat arazo ere izan dituzue zuek, jazarpenak direla eta. Horiek ere aldarrikatu nahiko dituzue noski.

Hori da. Lehenago, Ezpala gaztetxea okupatu aurretik antolatu genuen Gazteburuan egin bezala, aurtengo Gazte Eguna ere, aldarrikapen kolore horiekin margotu nahi dugu. Horiek, azken batean, ahaztu behar ez diren kontuak direlako. Saiatu gara gazteentzat espazio berriak irekitzen, alternatiba modura eskaini ahal izateko, baina, jazarpen eta errepresio bat jasan dugunez, ezin izan ditugu proiektu horiek aurrera eraman.

Zer eskainiko du Gazte Egunak datorren larunbatean eta zer lortu nahi da zuen aldetik?

Goizean jolas batzuk egingo dira ondo pasa nahi duten guztiei eskainita. Bazkal ondoren, Zuek Utopikoak izeneko bilera bat egingo da, hau ere gazte guztiei eskainia, izan eragile batekoa, nahiz norbanakoa. Bertan, norberak bere proiektuak aurkezteko aukera izango du, horiek aurrera nola eraman hitz egin eta eztabaida irekiak sortzeko asmoz.

Egitaraua begiratuta, jarduera desberdin ugari antolatu dituzue, guztiek ere lekua izan dezaten.

Hala da bai. Aurreko Gazte Egunetan bezala, goizeko jardueren artean, Altxorraren bila jolasa antolatu dugu, Tolosa mailan egingo dena. Eguerdian, bazkaria egingo da Plaza Berrian, eta bazkaldu ostean izango den hitzaldiaren aurretik, bertso musikatuak izango dira. Bertso saio horretan, publikoarekin nolabaiteko hartu-eman bat izaten ahaleginduko da, ikuslea integratzeko asmoz.



 

Tartean, Tolosako Nesken Taldeak ere tailerra antolatu du, Abastosen. Beraiek ere, berdintasunaren alde mezu bat bota nahiko dute, ezta?

Bai. Beraien lana azalerazteko beste bide bat izan daiteke. Gure aldetik ere, beraien lankidetza azpimarratu eta horrelako eragileen partaidetzarekin bat egiten dugula aldarrikatu nahi dugu. Horretarako, beraiekin lan egingo dugu, Tolosako Nesken Taldeak aurkezten dituen ideien aldeko jarrera eskainiz.

Amaieran, kontzertuez gozatzeko aukera izango da, eta esanguratsuena hemen zera da: eskualdeko 7 talde ekartzea lortu duzuela. Horrek benetan piztuko zuen ilusio berezi bat zuengan, ezta?

Bai. Badirudi horrelako jaiak antolatzen direnean, talde ezagunak edota lurralde mailan izena duten taldeak ekarri behar direla. Baina, eskualdeko taldeen kontzertu hauen bitartez, bi egoera aldarrikatu, eta herritarrei egoera horiek ezagutarazi nahi dizkiegu. Batetik, eskualdean daukagun gabezi handi bat: musika talde ugari ditugu, baina entseguak egiteko ez dago tokirik. Bestetik, ez dela beharrezkoa talde ezagun bat ekartzea, helburua, jendea erakarri eta ondo pasatzea denean.

Atzera begiratuz gero, duela pare bat urte ere antolatu zenuten Gazte Eguna, eta orduan, Txorimaloak izan ziren protagonista. Zer dela eta txorimaloak? Zer transmititu nahi zenuten?

Hasiera batean, txorimaloen bitartez, gazteek duten pasibotasun edo immobilismo egoera transmititu nahi genuen. Txorimaloa zintzilik dago, ez du bere kabuz pentsatzen, hortxe dago eta listo. Nolabait ere, hori salatu nahi genuen, eta Tolosako gazteriaren zati handi bat elementu horiekin irudikatu. Beraiek kontzientziatu eta, beraien kabuz ekintzak antolatzeko eta jendea mugitzeko gai zirela ikus zezaten, lehen urratsak eman nahi izan genituen.

Aurten ere egin dituzue beroketa prozesuaren barruan bideo batzuk. Umorea erabili duzue ia beti. Zein mezu transmititu nahi izan da bideo horien bidez?

Bideo horien helburua, azken batean, ikus-entzunezko baten bidez, gure ekintzak zabaltzeko beste bide bat hartzea da. Gaur egun, kalean ez ezik, sare sozialetan ere presentzia bermatzea ezinbestekoa da. Bideo laburrak, nire ustez, oso tresna erabilgarriak izan dira jendea erakartzeko asmo horren barruan, eta umore kutsua ematea, gainera, garrantzitsua izan da, jendearen jakin-mina pizteko.

Zuek ohar batean adierazi zenuten bezala, aste guztia lanean igaro eta asteburuko desfasearen ondoren, 'reset' botoiari emateko garaia heltzen da. Zergatik diozue hori?

Gure bizitza aste baten egiturara mugatzen dela dirudi: astelehenean lana, asteartean lana, asteazkenean ere berdin, eta ostiralean askatu egiten gara. Larunbatean, aldiz, lehertu egiten gara, eta igandeko nekearen ondoren, berriro ere ziklo berdina errepikatzen da. Azken finean, reset botoiaren bitartez, honakoa aldarrikatu nahi da: Ez gara ohartzen errutina toxiko batean sartuta gaudela, eta hori hautsi beharreko gauza bat da.

Bestetik, tolosarrok daukagun aukera bakarra, denbora librea, ematen diguten aisia ereduetan galtzea dela diozue. Hain txarra da Tolosako gazteon egoera?

Nire ustez, kanpotik begiratuta, hasiera batean, ez da horren txarra. Baina, behin pentsatzen jarrita, konturatzen zara ez dela txarra, baizik eta errepikakorra. Askotan, jendeak barnean dituen asmoak edota ilusioak bertan behera geratzen dira, eta hori ekidin nahiko genuke. Esaterako, bi gaztek, irrati edota telebista saio bat sortzeko ideia aurrera eraman nahi dutenean, baina baliabideak falta zaizkienean, ideia hori bertan behera geratzen da, eta hori da saihestu nahi duguna, ideiarekin soilik geratzea. Hortaz, gure helburua ideia horiek azaleratu eta aurrera eramatea da.

Azkenik, Tolosa astindu nahi duzue, eta betiko errutina eta bizi eredua alde batera utzi eta beste bat eraiki nahi duzue. Zer nolako bizi eredua nahi du Tolosako Gazte Asanbladak?

Nolabait ere, betiko moldetik apartekoa den bizi eredu bat eraiki nahi dugu. Ekoizpen fasean murgilduta aurkitzen diren fabrika bateko produktuak garela dirudi. Hori dela eta, gure artean ezberdindu egin nahi gara, bakoitzak barnean dituen ilusio eta proiektuak aurrera eramanez, betikotasun edo errutina horretatik ateratzeko asmoarekin.

 

 

Egitarauaren berri, bideo bidez eta sare sozialetan

Tolosako Gazte Asanbladako hainbat kidek elkarlanean, Facebook eta Whatsapp sare sozialen bidez, biharko egunerako hainbat bideo labur zabaldu dituzte azken aste hauetan. Horietan, bihar, egun osoan zehar egingo diren ekintza eta jarduera ezberdinak (altxorraren bila jolasa, tailerrak, bazkaria, bertso ekimena, hitzaldiak, kontzertuak...) aurkezten dira, guztiak ere, bikoiztutako ahotsaz eta musikaz lagunduta, umore ukitu bat daramatelarik.

 

GAZTE EGUNA'17, EGITARAUA

11:00. Altxorraren bila (Plaza Berrian).

12:00. Tolosako Neska Taldearen (TNT) tailerra (Abastos-Plaza Berria).

13:45. Bazkaria + bertso ekimena (txartelak 5 euroan The Nest eta Meskal tabernetan).

16:30. Zuek Utopikoak solasaldia (proiektuak martxan jartzeko eztabaidak, Abastosen)

17:30. Arte urbanoko tailerra (Abastosen).

19:00. Kontzertuak: Erein eta Lurgabe (Plaza Berrian).

20:30. Ogitartekoak eta bideo emanaldia (Plaza Berrian).

21:30. Kontzertuak: TPR, Starlus, Malizia, DJ Bizirik eta Ostikoka, Nikotina Musik eta DJ Little martin Selektah (Plaza Berrian).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!