'Zatoz Azokara' ekimena, abiada hartzen

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 4a, 15:19
Tapia, Garaiburu, Letamendia eta Zabala, Zerkausian egunero izaten den postu baten aurrean.

Tolosako Udalak, Tolomendik eta baserritarrek jarri dute martxan egitasmoa, bertako eta garaiko produktua sustatzeko.

Aurreko hilean hasi ziren Zatoz Azokara ekimenarekin Tolosan, Jakoba Errekondoren Altza Porru liburuaren aurkezpenarekin, eta bigarren saioa larunbatean izango da, haurrei zuzendutako baratze tailerrarekin. Tolosako Udalak, Tolomendik eta Garaikoa baserritarren elkarteak jarri dute abian Zatoz Azokara ekimena.
 
Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak Tolosako Azokaren garrantzia nabarmendu du: «Gastronomia, historia, merkataritza, natura, kultura eta Tolosaren identitatea da». Mendeetako ohiturak jarrai dezan ahalegina egin behar dela esan du, eta «tokiko azoken etorkizuna ziurtatzeko, ezinbestekoa da bertan parte hartzen duten ekoizle, saltzaile eta administrazioen arteko lankidetza, eta horretan gaude». Ekimenaren aurkezpenean, hain justu, Arantxa Garaiburu Garaikoa elkarteko zuzendaritzako kidea izan da.

Tolosako Udalak eta Tolomendik lankidetza hitzarmen bat dute hainbat ildo jorratzeko: sustapena, kudeaketa, sentsibilizazioa, azpiegituren zaintza..., eta lankidetza horretan Garaikoa elkarteak ere parte hartzen du. Elkarlan horren emaitzetako bat da Zatoz Azokara ekimena. «Azokei begira, sentsibilizazioa eta dinamizazioa ezinbestekoak dira», dio Letamendiak. «Bertako eta garaiko produktuak jarri nahi ditugu balioan eta aldi berean sektorearen ezagutza gizarteratu». Garaiko eta bertako produktuak kontsumitzeak «bi onura nagusi» dituela gaineratu du: «Tokiko ekonomiaren garapena, eta ingurumenaren eta lehen sektorearen jasangarritasuna».

Zatoz Azokara egitasmoa lau esparrutan landu nahi dute: adin ezberdinetako herritarrei hitzaldi eta tailerrak ematea; gurasoei begirako lanketa, ikastetxeetako guraso elkarteekin harremanetan; adinekoekin lanketa egitea, osasunari begira; eta laugarren esparrua baserritarrak beraiek dira.

Ainhoa Zabala Tolomendiko teknikariak azaldu duenez, ekimenean antolatu diren hitzaldi eta tailerren helburua «kontsumo kontziente eta jasangarri bat bultzatzea eta indartzea da. Kontsumitzaileak azokara gerturatu, produktuak ezagutu eta garaian garaikoa dena kontsumitzea».

Abendura bitarte egingo dira hitzaldi eta tailerrak, haur, gazte eta helduei zuzendutakoak. «Bertan elikadura, kultura, gastronomia eta lehen sektorearekiko gertutasuna azalduko dugu, hori dena praktikaren bidez eta sektoreak dituen elementuak ezagutuz: erlezaintza, esnekien mundua, baratzegintza haurrekin, sukaldaritza ikastaroak, eta kultura gastronomikoaren ezagutza azokak ematen dizkigun aukerak balioan jarriz», azaldu du Zabalak. «Herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera».

Larunbatean izango den Baratze txikiari ekin tailerraren berri eman du Sonia Tapia sukaldariak: «Berdura plazan egongo gara, eta batez ere haurrei zuzendua bada ere, nahi duen jende guztiari ere irekia da. Baratza txiki bat etxean nola jarri daitekeen landuko dugu». Tapiak gaineratu duenez, «produktoreak oso garrantzitsuak dira eta sentsibilizazioa landu behar da jendea azokara etortzeko. Produktoreak lan asko egiten du guretzako, eta oso garrantzitsua da beraien lana gu ondo elikatzeko».

EGITARAUA

Maiatzak 6
11:00. Baratze txikiari ekin tailerra, haur eta gazteentzat, Berdura plazan.

Ekainak 3
Erlezaintza. Erleak ezagutzen tailerra eta erakusketa, haur eta gazteentzat.

Uztailak 1
Esnekiekin mundua ezagutu nahi? tailerra, haur eta gazteentzat.

Irailak 2
Esnekiekin mundua ezagutu nahi? tailerra, haur eta gazteentzat.

Irailak 30
Txiki Txef sukaldaritza tailerra haurrentzat.

Urriak 6 (ostirala, arratsaldez)
Erosketa osasuntsua ekoizlearengana bisita, heldu eta haurrentzat.

Azaroak 4
Barazki tailerra Topic-en, haurrentzat.

Abenduak 2
Garaiko barazkiak sukaldatuz tailerra, helduentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!