25 urte besterik ez zituen Joxe Migel Arregik (Tolosa, 1941), Puertollanon, talde txuri-urdinarekin Lehen Mailara igotzea lortu zuenean. Hala ere, haurra zela, ikastetxeko jolastokian hasi zen baloiari lehen ostikadak ematen; eta gero, Tolosako Urdina Txiki jubenilen mailako taldera igaro zen. «Orduan, gainera, faltsifikatutako agiriarekin jolasten nuen», dio Arregik. Hortik, Hirugarren mailara, Tolosa taldera igaro zen, eta bertan, soldaduska garaiarekin partekatu zituen entrenamendu eta partiduak.
Behin soldaduska amaitu, bere zorionerako, oso urte onak egin zituen Andoaingo Euskalduna taldearekin, Logroñes, Real Union eta Eibarren mailako taldeen aurka jokatu zuelarik. «Bi urteren buruan, 86 gol sartu nituen; aurrelari golegilea nintzen, edo horretan saiatzen nintzen behintzat», aipatzen du Euskaldunan jokatutako garaiaz gogoratzen delarik. «Orduan, gainera, Tolosatik autobus bereziak egoten ziren gure partiduak ikustera joateko», dio; «futbola dena baitzen garai haietan». Horrela, egindako lan onari esker heldu zitzaion Realeko deia.
«DENBORALDIA, ZORAGARRIA»
66-67 denboraldian lortu zuen Lehen Mailara igotzea Realak. «Orduan, gure aurkari nagusia Sporting de Gijon zen» dio Arregik. Denboraldi erdialdean, 10 puntu ateratzen zizkieten asturiarrek, eta orduan gainera, bi puntu lortzen ziren irabazitako partidu bakoitzeko. Oso ondo oroitzen da denboraldi horretan izandako borrokaz, eta ondoren lortutakoaz, «Zoragarria izan zen, partida bat bakarrik galdu genuen bigarren itzuli osoan». Amaieran helduko zen amestutako egun handia, Puertollanon jokatutako partida, eta igoera.
Egun eder hartan gertatutakoa, oroimenean oso ondo gordeta badu ere, partida aurreko orduak ez ziren batere errazak izan Arregirentzat. «Ez nuen bazkaldu ere egin, eta arratsaldean jokatzen genuen», eta jarraitzen du, «partida horretan Realak denboraldi osoan egindakoa zegoen jokoan; gainera, kluba, ekonomikoki nahiko gaizki zegoen». Ikusle aldetik ere, kopuruak jaisten ari ziren orduan.
Partiduaz hitz egiten hasita, hemendik joandako ikusleek, harmailak lepo bete zituztela aipatzen du Arregik. «Hori ez dut inoiz ahaztuko», dio. Partiduaz, ez du txintik ere esaten. Baina behin garaipena lortuta, arazoak alde batera utzi eta festan murgiltzeko uneak heldu ziren. «Sekulako eromena izan genuen aldagelan, sartzen zen jende guztia dutxara bidaltzen genuen arropa eta guzti!».
Eta itzulerako bidaia ere, inoiz ahaztuko ez duen horietakoa izan zen. «Guardia Zibilaren bi autoz inguratuta itzuli ginen bertatik, eta autobusetik suziriak botatzen aritu ginen», dio. Tolosan, harrera bikaina egin zieten, eta giro ederra zegoen kalean. «Astelehena zen, eta jendez gainezka zegoen herria; autobusak ere geratu egin behar izan zuen!» aipatzen du Arregik, Realean burutu zuen bigarren denboraldiaren amaiera kontatzen amaituz.
ALDAKETA ETA ANEKDOTA
«Futbola asko aldatu da» dio Arregik aurtengo Realaren jokuaz hitz egiten hasita. «Gure garaian, indar handiagoa genuen, orain, jokua teknikoagoa eta intentsitate baxuagokoa da». Arregik, nahiago izaten zuen euria egiten zuenean jolastea, baloia azkar ibiltzeko, atzelariak atzean uzteko. Orain, zelaiak ere aldatu egin dira, «baita baloiak ere!», dio berak. Jokatzeko beste modu batzuk daude egun, «lehen gainera, gehiago jaurtitzen genuen atera, nik behintzat bai!» dio.
Aurten ere, Reala Europarako sailkatuko dela dio berak, «nahiz eta zein postutan amaituko duen esatea zaila iruditzen zaidan». Historiari begiratuta, berarentzat, jarraian irabazitako bi ligak dira titulurik aipagarrienak. Berak ere, 19 urterekin, titulu bat irabazteko aukera izan zuen Atotxan, baina... «taldetik kanpo utzi ninduten». Gipuzkoako Kopako finala jokatzen zuen Tolosarekin, eta negarrez egon zen aldageletan, taldeko prestatzaile bat etorri eta honakoa esan zion arte: «Lasai mutiko, hemendik gutxira zure oinetakoak hemen zintzilikatuta egongo dira eta!»