Dispertsioaren salaketa, musikatik

Iñigo Terradillos 2017ko mai. 4a, 11:15
Benito Lertxundi abeslari oriotarra Leidorren izango da bihar. ITZEA URKIZU

Hatortxu Rock jaialdiaren aurkezpen birak Tolosan egingo du geldialdia bihar, Benito Lertxundiren kontzertuarekin

Uztailaren 27tik 30era hartuko du Lakuntzak 20. Hatortxu Rock jaialdia. 85 musika taldek hartuko dute parte bertan, eta jaialdia aurkezteko asmoarekin bira egiten ari dira egunotan herriz herri, Euskal Herrian, nahiz atzerrian. Birak gurean egingo du geldialdia, bihar, Tolosako Leidorren 21:00etan hasiko den Benito Lertxundiren zuzeneko emanaldiarekin.

Duela 18 urte jaio zen Hatortxu Rock, eta ordutik hazi eta hazi egin da. Bi helburu argirekin jaio zela azaldu du antolaketa lanetan dabilen Aitor Agirrezabalek: «Batetik, dispertsioa pairatzen duten euskal preso politikoen senideei elkartasun ekonomikoa ematea, dispertsioak eragindako gastuak arintzeko, eta bestetik, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuek pairatzen duten egoeraren salaketa egitea musikaren bitartez».

Aurtengoari dagokionean, «bakarra eta errepikaezina» izango dela nabarmendu du: «Hatortxu antolatzeko erronka hartu genuenetik gauza bat argi genuen, bakarra eta errepikaezina behar zuela izan; horretarako, jakitun ginen gure indar guztiak jarri beharko genituela, eta zentzu horretan ari gara egiten aurkezpen bira».

Urtez urte handitzen doan ekimen honetara geroz eta artista gehiago ari da batzen, eta baita, boluntarioak ere, era batera edo bestera lagundu nahi dutenak. «Hatortxu Rock txiki geratzen zaigula ere nabari dugu», dio Agirrezabalek. Hori albiste ona da, baina, bere «alde txarra» duela gogoratzen du: «Guk beti diogu jaialdi berri bat antolatzea ez dela albiste ona, mezua zabaldu beharra izaten jarraitzeak egoerak bere horretan segitzen duela esan nahi baitu».

Aurtengo bira harrera «oso ona» izaten ari dela nabarmendu du Agirrezabalek. Lakuntzan, Gasteizen, Senperen, Donapaleun, Iruñeko Txantrea auzoan eta unibertsitateetan ere izan dira, eta oraindik herri ugari geratzen zaizkie. Euskal Herritik kanpoko emanaldietako bat biraren bigarren geldialdian egin zuten, Berlinen, hain justu, eta hango emaitzarekin ere pozik daude antolatzaileak: «Europa mailan gurean zer gertatzen den kontatzea polita izan zen».

Ekimena posible egiteko auzolanaren garrantzia azpimarratu du Agirrezabalek. Uztaileko jaialdirako ehunka laguntzaile beharko dituzte, eta baita, birarako ere, beraz, lagundu asmo duenak zalantzarik ez izateko, eta eurengana jotzeko deia luzatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!