Gaur hasiko dira Nafarroa etorbideko eraberritze lanak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 3a, 18:09

1,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Tolosako Udalak; Merkataritza Biziberritzeko 2012 Plan Berezia du oinarri

Urrira bitarte iraungo dute Tolosako Nafarroa etorbidea eraberritzeko lanek, gaurtik hasita. Irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzearekin batera, lanek merkataritza jarduera erraztea izango dute helburu, eta 2017an udalak egingo duen inbertsio nabarmenena izango da obrarena: guztira, 1.273.570 euroko aurrekontua.

Merkataritza Biziberritzeko 2012ko Plan Berezia dago eraberritze lanen jatorrian, eta Eusko Jaurlaritzak ere bere aletxoa jarri du, Hirigune programaren babesa jasoko baitu esku-hartzeak.

Horrela, sei hilabeteko lan aurreikuspena hiru zatitan banatuko dute. Zubi Berriko bidegurutzetik hasi, eta Foruen etorbideko bidegurutzerainoko zatiarekin hasiko dira gaur, zortzi astez bertan aritzeko. Bigarren eremua, berriz, Foruen etorbideko bidegurutzetik Samaniego kaleko bidegurutzerainokoa izango da eta, guztira, hamabi astez ariko dira bertan; iraileko bigarren astera bitarte. Azkenik, Samaniego kaleko bidegurutzetik zezen plazara bitarteko zatiarekin biribilduko dute eraberritzea, zortzi astean.

Behin lan handiena amaituta, errepideko geruza, lorategiak eta azken erremateak emateko baliatuko dituzte azken bi asteak.

ESPALOIAK ZABALDU ETA ERREPIDEA ESTUTU

Ezarritako jomugetara iristeko, besteak beste, bi aldaketa nagusi egingo ditu udalak: espaloiak zabaldu, eta errepidea estutu.

Hiru metrora estutuko dute errepidea, eta norantza bakarrarekin mantenduko dute; horrela lortuko dute, ibilgailuen abiadura jaistea. Bide beretik, espaloiak zabaldu egingo dituzte 4,5 metro ingurura, oinezkoei lehentasuna emanez.

Eraberritze lanak amaitutakoan aparkaleku ilara bat desagertu egingo da, eta posta bulegoko aldean bakarrik aparkatu ahal izango dira ibilgailuak, ilaran.

Horrekin guztiarekin batera, aldaketarik nabarmenena kalearen altuerarena izango da, errepidea eta espaloia maila berean geratuko baitira, Triangulotik San Frantziskora bitarteko eremuaren antzera.

Azkenik, ur zikinak eta euri urak bereizteko sistema bat ezarriko du udalak eta, kaleko altzari gehienak mantenduko dituzten arren, zuhaitz berriak landatuko dituzte, «kalearen itxura orokorra leundu eta hobetzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!