Arratsaldez ere zabalik izango da Correos-eko bulegoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko maiatzaren 2a

Internet bidezko erosketen gorakadak eragin du, besteak beste, bulegoetako arreta ordutegia zabaltzea

08:30etik 14:30era bitarte bidalketak egin nahiz jasotzeko aukera eskaintzen zuen, orain arte, Correos-ek Tolosan duen bulegoak. Orain, ordea, bulegoko ordutegia zabaldu dute, eta arratsaldetan ere bertaratu ahal izango da Nafarroa etorbideko gunera, 16:30etik 20:00etara bitarte.

Correos-eko arduradunek azaldu dutenez, internet bidezko erosketen gorakadak ekarri du, besteak beste, bulegoetako ordutegien zabaltzea. Izan ere, paketeria askoz ere gehiago banatu behar izaten dute orain, eta horrek eragiten du hutsunerik nabarmenena, Correos-en jardunean: hartzaileak zehaztutako helbidean aurkitzea.

Horrela, beraz, goizez postarik jaso ezin duten herritarrei erraztasunak ematea da Correos-en helburua. Horregatik, Correospaq izeneko gailu automatikoak ezarriko dituzte, pixkana-pixkana, bulego guztietan, herritarrek beren gisara ere paketeak jaso ditzaten.

Aipatzekoa da, Tolosakoa bezala, Zarauzko eta Arrasateko bulegoak ere zabalik izango direla, aurrerantzean, arratsaldez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!