«Ez dut arrazionalki pentsatzen; horregatik maite dut argazkilaritza»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 28a, 10:37

Tolosa Herria argazki lehiaketa laugarrenez antolatuko dute, aurten, San Joan jaien ataria sormenaz janzteko.

Gorputzak eskatzen dionari erantzuteko modu bat da argazkilaritza, Miren Atxagarentzat (Iruñea, 1956), eta horregatik maite du, kamerarekin bat-batean aritzea. Iñigo Royoren tailerretan hasitakoari Targazkin eman dio jarraipena.

Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatu duzue, beste behin. Urteko agendan egonkortzen ari da?

Bai, aurtengoa laugarrena da, eta espero dugu gero eta hobeto antolatzea, gero eta lehiaketa osoago bat antolatzea. Hasieratik hona eboluzio txiki bat izan du, izan ere, lehen aldian konturatu ginen tolosar gutxik parte hartu zutela. Horregatik, pixkana-pixkana txertatu ditugu bertakoen saria nahiz bertakoen erakusketa. Izan ere, lehiaketaren harira, sanjoanetan, Kasino elkartean erakusketa bat egiten dugu. Bada, orain, erakusketa bikoitza egiten dugu, bi aretotan: batean lehiaketa orokorrean hoberen puntuatutako 40 argazkiak izaten dira ikusgai eta, bestean, tolosarrek ateratako 15-20 argazki inguru jartzen ditugu.

Hain zuzen, aurten bereziki sustatu nahi duzue argazkilari tolosarren parte hartzea, ezta?

Bai, hori da. Iaz adinez nagusiekin hasi ginen, eta aurten atal berri bat sortu dugu, gaztetxoei begira. Izan ere, etorkizunean argazkilaririk izatea nahi baldin badugu, gazteek dute giltza, eta orain elikatu behar da zaletasuna. Horrela, beraz, ikastetxeetara jo eta ikastaroa egiteko aukera eskaini genien 12-16 urte bitarteko neska-mutilei. Bihar bertan izango da, eta argazkiak egin, prozesatu eta lehiaketara bidaltzeko aukera emango diegu. Irakaslea Ura Iturralde taldekidea izango da, eta hamabi bat izena emanak dira, jada.

Laugarren lehiaketa izango da, baina, Targazki noiz sortu zen?

2009an sortu zen. Ordura arte, batzuk ibiliak ginen, Iñigo Royorekin, kultur etxeko tailerrean. Baina, momentu batean, Iñigok esan zigun, han ikasi beharreko guztia ikasi genuela. Gure kabuz ibiltzen hasteko bi modu zeuden, eta guk taldean jarraitzea erabaki genuen. Horrela, taldea sortu eta Euskal Herriko argazkilari taldeen federazioan ere izena eman genuen, horrek bai baititu abantailak: besteak beste, Argizaiola lehiaketarako bidea da gurea.

Kide zaretenontzako jarduerak antolatzen al dituzue?

Astero biltzen gara, eta gure lanaren kritika eta orrazketa egin ohi dugu. Ikastaroak ere antolatzen ditugu, eta hilean behin gonbidatu bat izaten dugu, bere lana aurkez dezan. Irteerak ere egiten ditugu, argazkiak ateratzeko. Aste Santuan Lisboan (Portugal) izan gara, eta iaz Parisera (Frantzia) eta Zuberoako maskaradetara ere joan ginen.

Targazkin bada argazkilari profesionalik, baina amateurrak ere bazarete, ezta?

Bai. Profesional bakarra Ura Iturralde da eta, gainontzekook, beste ogibideren bat dugu; afizioz edo pasioz egiten dugu.

Iazko lehiaketan, 196 parte hartzailetik 35 bakarrik ziren emakumeak. Noticias de Gipuzkoan kezka hori plazaratu duzu.

Kezkatu egiten nau, baina ez da argazkilaritzaren errua: sozialki, emakumeok askoz ere eginkizun gehiago ditugu, eta guretzako denbora libre gutxiago. Hori, ordea, nire iritzia da, gizonezko argazkilari askok ez baitute horrela ikusten: «Nahi ez dutelako», diote.

Aurreko urteetako argazkien maila ikusita, izango da, akaso, bereak aurkezteko kikiltzen denik.

Ez du zertan, argazki guztiak ongietorriak baitira. Epaimahaiaren arabera ere asko aldatzen da emaitza, beraz, inor ez dadila beldurtu.

Urtero aldatzen da epaimahaia?

Bai, guk izendatzen dugu, baina elkartetik kanpoko adituak izaten dira beti.

Zu zeu, nola gerturatu zinen argazkilaritzaren mundura?

Betidanik ibili izan naiz irudiari eta artegintzari lotuta, eta txikitatik izan dut argazkilaritzarako grina. Baina ez neukan dirurik; kamera bat eskatzea ilargia eskatzea bezalakoa zen orduan. Urte batzuen buruan kamera erosi, eta lanean eszedentzia ere hartu nuen, Ganten (Belgika) Arte Ederretan hasteko. Han, argazkilaritzan hasi eta erabat harrapatuta geratu nintzen. Analogikoa zen erabat, eta etxean gela iluna ere banuen. Hori duela 25 urte izango zen, eta oraindik ere jarraitzen dut.

Hainbeste urtetan, sortu zaizu erreferentziarik argazkilaritzan?

Bai, beti begiratzen diozu norbaiti, nahiz eta mitorik ez izan. Cartier Bresson aipatuko nuke, adibidez.

Behin kamera eskuan duzula, pertsonak ala paisaiak erretratatzea duzu nahiago?

Denetatik egiten dut, baina, adibidez, paisaia naturalak ez nau harrapatzen. Aldiz, paisaia industrialak izugarri harrapatzen nau, oso gustukoa dut; baita urbanoa ere.

Argazki bat atera behar duzula erabakitzen duzunean, zer da kontuan hartzen duzun lehenengoa?

Uste dut ez dudala arrazionalki pentsatzen, eta horregatik maite dut hainbeste argazkilaritza: hustuta geratzen naizelako.

Urte gutxitan asko aldatu da argazkilaritza, besteak beste, baliabide teknologikoei dagokienez. Nola ikusten duzu garapen hori?

Gaur egungo argazkilaritzak zerikusi zuzena du gaur egungo bizi-erritmoarekin. Gero eta azkarrago bizi gara, eta analogikotik digitalera, eta digitaletik prozesatura pasatu gara. Kamerarekin ibiltzea ere pisutsu egiten zaigu, eta smartphoneko aplikazio batekin, di-da tratatzen ditugu argazkiak. Guztia bat-batean nahi dugu, oraintxe bertan, eta horrek beldur handia ematen dit.

Analogikoaren garaian, argazki on batek meritu handiagoa zuen orain baino?

Lehen argazki ona zena, orain ere ona da. Orain, atera ditzakegu 30 argazki, baina bakar batek ere balio ez badu, alferrikakoa da. Akaso lehen erreflexiboagoak ginen, karrete batean, gehienez ere, 36 argazki zeudelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!