Metamorfosiaren ikasgelak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 23a, 11:03

Ekonomia, komunikazioa, sexualitatea, musika nahiz literatura. Irakasgai zerrenda bat izan liteke, edo baita egunkariren bateko gai errenkada ere. Izen generikoez harago, ordea, kontzeptu horien guztien mamia ezinbestekoa zaie XXI. mendeko herritarrei. Eta, paradoxaren paradoxaz, ezinbesteko izanagatik, XXI. mendeko gizartearen erdiari ezinezkoa zaio, oraindik, mami horren erdigunea hartu eta zuku guztiaz jabetzea.

Langa hori gainditu, eta emakumeen parte hartze sozial eta politikoa sustatze bidean, Jabetze Eskolek hamarkada pasatxo daramate jada, Euskal Autonomia Erkidegoan lanean. 2003an sortu zuten lehenengoa, Basaurin (Bizkaia), eta, orduz geroztik, hainbat dira eskolen zerrendara batu diren herriak; tartean, Tolosa. Finean, emakumeen ahalduntze pertsonalari begirako eskaintza osatzen dute, pertsonaletik kolektiborako jauzia eman ahal izateko.

Zalantzarik ez baita: iraupen lasterketa bat da parekidetasuna. Bide horretan, ordea, ez da elkartzea, hausnartzea, kontzientzia hartzea eta harreman sareak sortzea baino arnasaldi hoberik. Hori guztia ahalbidetzen dute Jabetze Eskolek, aktibismo feministen oinarrietatik abiatuta.

Izan ere, EAEn Jabetze Eskolak sortu izana erabat lotuta dago, euskal feminismoa esparru berriak hartzen hasi izanari, 1970eko hamarkada amaieran. Beren artean zerikusirik ez zuten emakumeak elkartzen hasi ziren, nazioarteko mugimendu feministak eraginda, norbere arazoak partekatzeko. Orduko kezka nagusiei heldu zieten, pixkana, abortua, indarkeria sexista, dibortzioa nahiz lanaldi bikoitza jorratuz, eta horrek balio izan zien errealitatearen kontzientzia hartzeko: emakumeek menpeko giza-talde bat osatzen zutela.

Ordea, egia gordina kemen bilakatu daiteke sarri, eta feminismoa ederki zaildua dago metamorfosi horretan. Horrela, euskal feminismoak ez zuen denbora askorik behar izan, ekintzak antolatu eta politikan sartzeko. Soka horretatik, erakunde publikoen esparrura ere iritsi ziren aldarri moreak, 1988an, Emakunderen sorrerarekin. Sexua de factoko bereizketa bat ez izateko, herritarrek feminismotik edatea bezain garrantzitsutzat jo zuten, administrazioa eta legeak ere lurrin morez zipriztintzea, eta berehala iritsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen Aldeko I. Ekintza Positibo Plana, 1991tik 1994ra bitarteko epealdiari begira; besteak beste, plan horrek zehaztu zituen, euskal erakunde publiko guztiek emakume eta gizonen berdintasunerako bete beharreko irizpide guztiak.

Tokian tokiko ziztadak

Txikitik handira eragitea bezain garrantzitsua da, ikuspegi zabalak puntu txikietara mugatzea, eta 1991ko planak tokian tokiko berdintasun planen sorrera ekarri zuen, EAEko zenbait udal politika errotik aldatuz: aurrekontuko diru-poltsak parekidetasunaren lanketara bideratzen hasi ziren, eta baita udal sail berezituak sortzen ere; Ermuako Udalekoa izan zen erkidegoko lehena.

Legetik sailetara, eta sailetatik eskoletarako bidea egin zuen parekidetasun administratiboak. Horrela, berdintasun sailei zor zaie egungo Jabetze Eskolen sare trinkoa. 2003an Basaurin aitzindari izan zirenez geroztik, Ermua, Getxo eta Ondarroa batu zitzaizkien. 2007an, berriz, Jabetze Eskolen sarea osatu zuten, Gipuzkoan, Arrasate, Azpeitia, Eibar, Hernani eta Urola Garaiko udalek. Denbora gutxian, Elorrio, Abadiño, Zarautz, Tolosa, Errenteria, Pasaia eta Zumaia ere batu ziren jakintzaz jabetu eta eragiteko olatura, eta egitasmoak ez du atzera-bueltarik.

Ikastaro, mintegi, mahai inguru nahiz tailerren bitartez heltzen diete gaiei, eta emakumeei begirako eskolak izanagatik, parekidetasuna gizonekin eraikitzeko hitzorduak ere ari dira, Jabetze Eskoletan tokia hartzen.

Finean, esparru eta gai berrietan trebatzeak bezainbesteko garrantzia dute, Jabetze Eskoletan sortzen diren loturek ere; euskal gizarteko genero harremanak demokratizatzen hasi izanaren eragiletzat dituzte, zenbaitek, Jabetze Eskolak.

Ikuspegi horrekin bat datoz Tolosako Jabetze Eskolako zenbait irakasle ere eta, esaterako, Nerea Redondo donostiarrak azpimarra jartzen dio emakumeak emakumeekin bildu eta kezkak partekatzeari: «Jabetze Eskolek ematen duten aukera oso garrantzitsua da, emakumeok biltzen garelako. Baldintza eta espazio aproposak sortzen dira, beraz, bizipenak partekatzeko, eta batak sentitzen duena besteari ere gertatzen zaiola ohartzeko».

 

MOTZEAN

PAOLA NEYRA, 29 URTE, EMOZIOAK ETA JABETZEA

Zertan ari zara Tolosako Jabetze Eskolan?

Orain emozio eta jabetzearen inguruko ikastaroan ari naiz. Lehenago Pepa Bojorekin beste ikastaro batean parte hartu nuen, eta nire lehen aldia zen. Kasu hartan, afektuzko harremanak berdintasunetik eraikitzeaz aritu ginen, eta oso-oso interesgarria iruditu zitzaidan, bai pertsonalki, eta baita profesionalki ere. Gizarte integratzailea naiz, eta horrelako ikastaro eta hitzaldi guztiak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit nire lanerako. Pepa beste ikastaro hau eskaintzekoa zenez, interesgarria iruditu zitzaidan jarraitzea. Oso gustuko dut klaseak emateko duen modua, eta honek ere interesa piztu zidan. Ona da gero eta tresna gehiago izatea, pertsonalki eta profesionalki garatu ahal izateko.

Zer ematen dizu Jabetze Eskolak?

Pertsonalki izugarri ematen dit. Oso ondo datorkit, beti baitago hobetzeko zerbait, nahiz eta feminismoarekin oso identifikatuta sentitu. Taldeak ere asko ematen du, hainbat belaunalditako jendea elkartzen garelako, eta oso aberasgarria delako denen bizipenak entzutea. Ikastaro bikainak dira, eta espero dut egiten jarraitzea, eta gehiago egitea. Halaber, gizonezkoei begirako ikastaroak antolatzea ere garrantzitsua da, eurek ere gauza asko landu behar baitituzte.

 

MARIAN URRUZOLA, 55 URTE, MUNDUKO EMAKUMEEN LITERATURA

Zertan ari zara Tolosako Jabetze Eskolan?

Ikastaroak egitarau bat du, eta irakurgai batzuk proposatzen dizkigu irakasleak. Liburua irakurrita joan behar izaten dugu saioetara, eta elkartzen garenon artean gure iritziak partekatzen ditugu irakurgaiaz. Irakasleak, berriz, liburu bakoitzaren gakoak eskaintzen dizkigu, bere ikuspuntutik.

Zer ematen dizu Jabetze Eskolak?

Ikuspegi feminista lantzeko aukera ematen dit, batez ere. Horrez gain, beste hainbat emakumerekin iritziak trukatzeko gune bat ere bada, bai feminismoaz, bai emakumeak gizartean duen paperaz. Eskolak funtzio garrantzitsua duela uste dut, oso lan ona egiten dute; beharrezkoa den lana. Ni oso gustura nago, eta benetan interesgarria egiten zait lantzen duguna. Horregatik ematen dut izena, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!