Bigarren zatian da, Bidebietako eraberritzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 21a, 08:00

Iaz aparkaleku berria egin zuten auzoan eta, orain, sei hilabete iraungo dute zirkulazio arazoei aurre egiteko lanek

Bi helburu nagusiri heltzeko abiarazi du, Tolosako Udalak, Bidebieta auzoko berrurbanizazioaren bigarren zatia. Batetik, auzoko etxebizitza gune nagusia eraberrituko dute eta, bestetik, Bizkai kaleko espaloia zabaldu. Guztia, espazioa berrantolatu eta zirkulazio arazoak konpontzeko.

Hasi berri dituzten lanek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta jarraipena emango diote, iaz inauguratutako aparkalekuaren lanei. Horrela, 6.000 metro karratuko eremua antolatuko dute, guztira, lanak amaitzean, «gune gatazkatsua» konponduz: «Gaur egun inguru horretan ibilgailuak ilaran edo baterian aparkatzen dira, eta horrek gune gatazkatsu bilakatzen du espazioa, oinezkoentzako eremu murritza utziz» dio udalak.

Horren harira, eraberritzean espazioa egokitzearekin batera, «auzo irisgarria eta azpiegitura berriduna» ondu nahi du udalak, eta obrak baliatuko dituzte, argiztapena aldatzeko: LED argiztapena ezarriko dute, eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu.

Auzoa, bizitzeko

Bizkai kalean egitekoak diren berrikuntza izango da txikiena, espaloien zabalera handitu besterik ez baitute egin beharko. Kontrara, ordea, Bidebieta auzoko lanek gehiago eragingo diote bizilagunen egunerokoari.

Besteak beste, auzoko sarbideko espaloi guztiak 2 metrotik gorako zabalerakoak izango dira obra amaitutakoan, eta gainerako kaleetan etenik gabeko zorua jarriko dute. Halaber, maldak leunduko dituzte, eta etxeetako ezkaratzetako sarbide guztiak irisgarri egin. Gainera, egungo jolastokian gune berri bat jarriko dute, eserleku eta landarediarekin.

Obrek dirauten sei hilabeteetan, ibilgailuek norabide aldaketa egin beharko dute irten ahal izateko, eta espazio librea utzi dute horretarako. Hirigintza lan horiek guztiak aurrera eramateko, udalak 1.142.388 euroko aurrekontua baliatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!