Hiru atxilotu elkarte batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Ataria 2017ko apirilaren 20a

Oriako komisariako agenteek hiru gazte atxilotu zituzten atzo, asteazkena, Tolosan indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Salatuak Olarrain auzoko elkartean sartzen saiatu ziren, eta ihesi zihoazela atzeman zituzten ertzainek.

Lapurreta-ahalegina 13:45ean gertatu zen. Ertzaintzari jakinarazi zioten hainbat pertsona Tolosako Olarrain auzoko elkartean sartzeko asmotan zebiltzala, eta hainbat patruila berehala bertaratu ziren. Patruiletako batek hiru gizonezko ikusi zituen lokaleko sarrerako atetik korrika irteten, hurbil dagoen trenbidea gurutzatzen duen zubi baterantz. Ertzainek gelditzeko eskatu arren jaramonik egin ez zieten hiru gazteak atzeman zituzten.

Beste patruila bat lekuko batekin harremanetan jarri zen, eta honek esan zien hiru pertsona ikusi zituela elkartean sartzen ahalegintzen. Ertzain horiek egiaztatu zuten elkarteko balkoiko ate lerragarria markotik, sarrailaren parean, palankaz bortxatuta eta barruko aldetik bere lekutik aterata zegoela.

Hori guztia dela eta, ertzainek atxilotu egin zituzten 22, 19 eta 18 urteko hiru gazteak, indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!