«Bakoitzaren jatorria eta bizipenak agerian daude gure musikan»

Iñigo Terradillos 2017ko api. 12a, 09:08
Oriol Flores, Charlie Atki, Iñigo Asensio eta Iker Lauroba.

Folk ukitu lasaia eta rock alde gogorragoa nabari dira Berastegin grabaturiko bigarren lanean; aurkeztu dute diskoa Tolosan, Katalunian izan berri dira, eta beste hainbat emanaldi dituzte aurreikusita.

Charlie & The Colours taldeak bigarren diskoa Mehaka izenekoa kaleratu berri du. Charlie Atki bakarlari britainiarra da taldeko burua, eta berarekin batera, Oriol Flores kataluniarrak, Iker Lauroba donostiarrak eta Iñigo Asensiok tolosarrak osatzen dute taldea. Tolosarrak kontatu moduan, osagai asko ditu lan berriak Tolosaldearekin lotura dutenak. Izena, esaterako, Berastegiko baserri bati zor dio, eta baserri horretan bertan taldeak egin zuen egonaldia baliatu zuten diskoaren grabaketarako.


Diskoaren grabazioa modu berezian egin zenuten.


Mehaka baserrian lauzpabost egun igaro genituen taldeko kideek, eta bertan zuzenean grabatu genuen, bideo-audio formatuan. Behin grabazioa eginda Mehaka izena oso egokia iruditu zitzaigun, esperientziaren lekuko izan zelako.


Taldearen bigarren lana da. Talde gaztea zarete eta musikari dagokionean folk-pop musika jorratzen duzue.


Pop-folk-rock musika da. Taldeak bi kolore oso markatuak ditu. Batetik,  folk ukitua, Charlieren tradizio anglosaxoia aintzat hartzen duena eta akordeoiarekin, kontrabaxuarekin kolore folkagoa hartzen duena. Eta, bestea, rockeroagoa, izan ere, badira diskoan, baxua eta kitarra elektrikoa erabiliz soinu gogorragoa duten kantak. Bi giro horien artean mugitzen da taldea. Lehendabiziko Bonsai tree diskoan ere bazen horrelakorik, batez ere zuzenekoetan baina bigarren honetan grabazioan ere ageri da bi giro horien uztarketa. Hala, une batzuetan zuzenekoetan entzuleak goxo-goxo daude, eta beste batzuetan, altxata.


Zuen musikak transmititzen duen sentimenduari dagokionean, tristeziara eta poztasunera garamatzala diskoak aipatu duzue, iluntasunetik argitasunera.


Abiapuntu bezala Charlieren abestiak ditugu, berak idazten ditu. Horietan, bere esperientzia eta bidaia sartzen da. Britainiarra da, Frantzian amaitu zituen ikasketak, Ingeles Filologia eta Frantziar Literaturan lizentziatua da, eta hori ere nabari da idazteko duen gaitasunean. Bergarara etorri zen, bertako lagun batzuen bitartez Donostian amaitu zuen eta han ezagutu genuen elkar. Kantuetan bere esperientzia, bere bidaia ageri da, bizitzaren gauza txikiak. Gure elkarbizitzan ere oinarritua dagoela esan daiteke. Gai batzuk poetikoagoak eta beste batzuk zehatzagoak dira, ametsaren, etorkizunaren, esperantzaren isla nabari da. Musika ipuinak dira, gure oroitzapenetara eramaten gaituztenak... eta, bide horretatik, badago haurtzaroaren, iraganaren jatorriaren zerbait Charlieren hitzetan. Halaber, herrimina, atzean zerbait utzi izanaren sentsazioa presente dago, Donostian tokia aurkitu izanaren asetasunarekin batera. Birsortzearen ideia ere behin baino gehiagotan azaltzen da. Letrek puntu metafisikoa ere badute, interesagarriak lasaitasunez irakurtzeko.


Kantu bat aukeratzeko esan eta zein aukeratuko zenuke?


Hell me across asko gustatzen zait. Sara Azurzaren ahotsarekin osatua da. Elkarren arteko laguntzari buruzko kantua da.


Zer eskaintzen du zuzenean grabatua izateak?


Egiazkotasun puntua. Egia da denetarik probatu behar dela. Aurrekoa Meka Recording estudioan grabatu genuen, Oiartzunen. Abestiak banaka grabatu genituen, emaitzarekin gustura geratu ginen eta esperientzia zoragarria izan zen. Baina, kasu honetan, aipatu dugun elkarbizitza hori zegoen, sutondoan, sukaldean, baserrian egindako elkarbizitza; elkarrekin bazkaldu, afaldu... Bat-batean grabazio bat ateratzen ez zenean, mendira bueltatxoa ematera joaten ginen... Beste puntu bat dauka, eta oso harro gaude esperientziarekin. Gogoz jendeak deskubritu dezan.


Taldearen aniztasuna nabarmentzekoa da. Liderra britainiarra, kataluniar bat eta bi euskaldun. Aniztasun horrek ba al du isla musikan?


Folkera gerturatzen gara baina egia da ez dugula folklorea egiten. Baina, bakoitzaren jatorria agerian dago, bakoitzaren bizipenak. Gazteak gara, baina eskarmentu dezente daukagu dagoeneko. Ni naiz taldeko gazteena, eta 31 urte ditut. Gainontzekoak 40ra bitarteko bidean daude. Iker Laurobaren kasuan, esaterako, Lauroba taldearekin, bakarkako ibilbidean, eta horretaz gain, beste hainbat proiektutan gitarra jotzaile, baxu jotzaile, eta hainbat talderen ekoizle moduan aritua. Esan daiteke taldearen oreka dela bera. Oriol eta biok askoz bolkanikoagoak gara, Iker itsaso bare-barea den bitartean. Eta Charlie, berriz, dantzan, gu hiruron artean. Oriol Floresek goi-mailako ikasketak ditu bateria-jazz-ean, eta horrek musikan zentraturiko ikuspegia ematen dio. Beraz, guztiok era bateko edo besteko ekarpena egiten diogu.


Hizkuntzari erreparatuta, ingelesa aipatu behar. Aurrerago euskaraz abestiren bat sartzera ausartuko al zarete?


Charliek sentsibilitate eta interes oso berezia dauka gure hizkuntzarekiko, euskaraz egiten saiatzen da, bere laugarren hizkuntza da euskara. Eta gogotsu dago euskara ere sartzeko, ikusita, gainera, Ikerrek eta biok kantuak euskaraz egiten ditugula. Baliteke hurrengo diskoan abestiren baten euskarazko bertsioa grabatzea.


Tolosan kontzertua eman berri duzue diskoa aurkezteko, eta gehiago badituzue aurreikusita.


Mehaka diskoaren aurkezpen kontzertua izan zen Orbelan eskainitakoa. Katalunian ere izan gara, eta Espainian izango gara ekainean, Madrilen, Toledon, eta Gaztela eta Leongo La Bañeza herrian. Donostiako Tabakaleran, berriz, ekainaren 9an izango gara, eta uztaila amaieran Donostiako Jazzaldian hartuko dugu parte. Horretaz gain, abuztuko lehen astean Europara jotzea da gure asmoa. Letonia, Varsovia eta Krakovian badugu aukera kontzertuak emateko.


Horiek guztiak uztartu behar dituzue kide bakoitzak dituen beste proiektuekin.


Bai, ez da erraza. Iker eta Oriol Izarorekin ari dira, eta ikaragarrizko arrakasta ari da izaten. Iker bere bakarkako bigarren diskoarekin ere badabil, eta Oriolek baditu beste proiektu batzuk bateria gisa. Ez da erraza,  eta ia ez dugu asteburu librerik, edo ez gehiegirik behintzat.


Zure kasuan ere, proiektu ezberdinetan hartzen duzu parte. Zer toki du Charlie & The Colours-ek?


Proiektu berezia da. Oraintxe bi proiekturekin nabil. Lauroba taldea uztea erabaki nuen, denboraz oso larri nenbilelako eta oso exijentzia handiko taldea delako. Iker Laurobaren bakarkako proiektuan ari naiz. Oso gustura sentitzen naiz bertan, asko hunkitzen naute Ikerren kantuek. Eta Charlie & The Colours da bigarrena. Bietan akordeoia eta pianoa jotzen dut eta oso eroso sentitzen naiz. Oso talde bereziak dira, eta oso pozik nago bertako kide izatearekin. Horregatik, nahiago dut proiektu gehiagotan ez murgildu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!